ARTEA

Nagore Legarretak “Suzko irudiak” erakusketa paratuko du Zumarragan

Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean inauguratuko da bihar, azaroak 14, Nagore Legarreta artistaren Suzko irudiak erakusketa. Abenduaren 2ra bitartean, Indiara 2013 eta 2017 urteen artean burututako bidaietan bilduriko lanak erakutsiko ditu. Erakusketa hau Katapulta Plataformak sustatuta dago Zelai Arizti-ren kolaborazioarekin, eta Kutxa Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Nagore Legarreta (Hernani, 1981) argazkilariak  erreminta xelebreekin egiten du lan, irudi ikusgarriak lortzeko. Izan ere, pospolo kaxak eta kolore karreteak erabilita argazki kamerak eraikitzen ditu argazkilariak, eta horrela, definiziorik gabeko irudiak sortzen ditu, “argia, kolorea, eguzkia eta suaren erritmoarekin bat eginez”.

Indiako paisaietan biltzen dira argi berezia eta eguzkiak sortzen dituen islak.  Hori guztia jaso nahi izan du, “indar bizian jarritako sopletearen sugarraren moduko dena, pospolo kaxa zeharkatzen duena, manipulatuko duen lente edo bitartekaririk gabe”.

Suzko Irudiak hainbat tokitan erakutsi da: 2019ko Madrilgo ASPA Contenporary Galerian (Photoespaña 2019ko Off atalaren barruan), Tenerifeko Arona Kultur Zentroan 2018an, Gran Canaria Photo 2017 jaialdian (Mapfre Guanarteme Fundazioan), eta Tenerifeko La Lagunako Mapfre Aretoan.

Nagore Legarretak berak kontatzen duenez, aspalditik ari da irudiekin jolasten: “Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen Leioan, fakultatean baino nire kabuz egindako saioetan sortu zitzaidan argazkilaritzarako grina. Hasieran kamera analogikoarekin, ondoren digitalarekin eta azkenean teknika estenopeikoarekin topo egin nuen, 2009 urtean, Alberto Gagok Hernaniko Foto Forum argazki elkartean egindako tailer batean. Ontzi batekin zer lortu zitekeen ikusi eta buru belarri ekin nion lanari eta jolasteari. Hasieran norberak birziklatutako ontziekin kamerak eraikitzearenak asko erakarri ninduen. Txikitan, aitarekin, gure jostailuak sortzen aritzen ginen, hori zen jolasa, jostailuak asmatzea eta eraikitzearen erronka. Argazkilaritza estenopeikoak horrekin konektatu ninduen erabat. Argazkilaritza estenopeikoak, ohiko formatuetatik harago, proiektu bakoitzera egokitutako kamara eraikitzeko aukera ematen dizu. Horrez gain, kamera estenopeikoak ematen dituen irudien zehaztasun faltak, eta horrek sortzen duen estetikak, asko erakartzen nau.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button