LITERATURA

Unamuno saiakera eta Blas de Otero poesia lehiaketako sarien banaketa

Bilboko Udalak Blas de Otero Poesia Lehiaketaren IX. edizioaren eta Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVII. edizioaren irabazleak jakinarazi ditu.

Poesia sariari dagokionez, Beatriz Chivite idazle nafar gazteak lortu du euskarazko sari nagusia Biennale lanarekin. Idazle horrek 2012an Iruñeko Udalak antolatutako Literatur Saria irabazi zuen Pekineko Kea lanaregatik. 2014an, Ernestina Champourcín XXV. Poesia Lehiaketa irabazi zuen euskaraz idatzitako Metro poesia liburuarekin, eta lan berari esker Lauaxeta Saria ere jaso zuen.
Beste aldetik, gaztelaniazko modalitateko irabazlea René Fuentes idazle kubatarra izan da, Guitarra del mesón poesia liburuarekin. eta. Blas de Otero Poesia Lehiaketaren azken edizio honetara 469 poesia-liburu aurkeztu dira –8 euskaraz–. Sarituek 5.500 euroko esku-diru saria jasoko dute.

Miguel de Unamunoren euskarazko kategorian, sari nagusia Mitxelko Uranga idazleak jaso du, Misentropia lanari esker. Epaimahaiak gaurko errealitateari begiratzeko leiho interesgarria zabaltzen diola azpimarratu du, pentsamendu berritzaile baten haritik, egungo gizartea eta gizabanakoa ere birpentsatzearren hizkuntza bera iraultzera, teoriatik harago, jotzen duena. Hainbat lan argitaratu ditu egile horrek, saiakerak batez ere: Espektroak (2010, 2011 eta 2012. Utriusque Vasconiae) trilogia, Euskomunitatea (2013. Utriusque Vasconiae), Eros(ki) (2014. Pamiela. Juan Zelaia Saria 2013) eta Tartaroa (2015. Pamiela. Euskadi Saria 2016). 2010ean, Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak izeneko poesia liburua ere argitaratu zuen.
Gaztelaniazko kategoriari dagokionez, Manuel Cruz Rodriguez izan da irabazlea, La flecha sin blanco de la historia izeneko lanarekin. Bakoitzak 6.000 euroko esku-diru saria jasoko du. Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketako azken edizio honetan 89 lan aurkeztu dira, 84 gaztelaniaz eta 5 euskaraz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button