ESZENA

XIV. Dantza Zirkuituaren edizioak hitzordu bikoitza dakar aste honetan

Hitzordu bikoitza  programatu du aste honetan XIV. Dantza Zirkuituaren edizioak.

Lehena, Galdakaoko Santi Brouard plazan, Kukai eta  Brodas Bros Dantza Konpainiak elkarlanean,  euskal dantza tradizionala eta hip hopa uztartzen duen ‘ Topa’  kale-ikuskizuna aurkeztuko dute irailak 13 ostegunez. Eta bigarrena Dulantzin, irailak 15 larunbatean, La Glo konpainiak  ‘Entre 4 Tiempos’ ikuskizuna eskainiko du.

‘Topa’ ikuskizunean kalea bere bizi eremua duten lau gaztek topa egiten dute plazan. Musika entzuten da eta gazteak, bakoitzak bere jatorri artistikoari eutsiz, dantzan hasten dira. Batzuk, euskal dantza tradizionalak, beste batzuk hip hopa, eta bat egiten dute laurek trebakuntza bizi eta indartsu batetan. Ikusleen laguntzaz, ikuskizunakk eremu eszeniko bihurtzen du hiri-eremua.

Euskal plazetan ibilbide oparoa du Kukai Dantza Konpainiak. 2001an sortu zen Deiadarra koreografia aurkeztuz,  eta orduz geroztik, hainbat ikuskizun plazaratu ere. Haien koreografiek hainbat sari ere eskuratu dituzte, Dantza ikuskizun Onenari Max Saria 2017.urtean, Dantza talde onenari  MAX Saria 2015 eta 2017 urteetan,  edota Leioako Umore Azokako Ohorezko Saria 2016, beste batzuen artean.

Eta Brodas Bros Bartzelonan 2006an sortu zen. Nazioarte mailako ospea duen konpainia honek, hip hopa, dantza eta kultura urbanoan ditu sustraiak.  Pol eta Lluc Fruitós eta Berta eta Clara Pons anaia- eta ahizpa-bikoteak bultzatutako proiektua da,  zeinen ezaugarri nagusia moldakortasun izugarria baita. Energia, teknika, umorea eta irudimenez betetako konpainia.

Hitzordua,  irailak 13 osteguna, 19:00etan Galdakaoko Santi Brouard Plazan.

Eta  irailak 15ean, larunbata gaueko 21:00etan Dulantziko frontoian, La Glo Dantza Konpainiaren ‘Entre 4 Tiempos’ kale ikuskinunaz gozatzeko aukera izango da. Lau pieza, naturako lau elementuak oinarri direla, lau gorputz eskegita, lau taupada-denboraren erritmoa, izaki bizidun egiten gaituzten eta gutako bakoitzak barruan daramatzagun oinarrizko elementuetako bakoitzetik igarotzen. Dantza garaikidea, eskalada eta bideo eta irudien proiekzioa uztartzen diren ikuskizun bikaina.

XIV. Dantza Zirkuitua Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Sarearen bidez antolatutako ekimena da eta edizio honetan, 84 emanaldi eskainiko ditu EAEko 28 agertokitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button