MUSIKA

MICE, zuzenean

Miren Narbaiza musikariaren bakarkako egitasmoa berria da MICE. Iaz, estreinako lan homonimoa plazaratu zuen, bai eta kritika oso onak jaso ere . Joseba Baleztenak (Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir, Sumisión City Blues) ekoitzia, tentsio handiko pasarteekin eta une intimoekin jositako lan plurala eta pertsonala da. 

Berria egunkariko Ihintza Orbegozo musika kritikariak hauxe idatzi zuen 2017ko disko gustukoenen harira: “Miren Narbaizaren bakarkako lehen lana ahots propioa ezagutzeko ibilbidearen hasiera da, haren esanetan. Ez dakit aurkitu duen, edo inoiz aurkituko duen, baina argi dago bidea ederra izango dela, horrelako lehen pauso batekin ezin baitu besterik izan”. 

Diskoak zortzi doinu biltzen ditu, batzuetan itzaltsuak, beste batzuetan koloretsuak. Uhinak Komunikazioa agentziaren arabera, “(kantu) bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela, garai bateko lanek bezala, zintan jasoa”.

Bada, MICE diskoa aurkezten ari da zuzenean, eta hauexek dira hurrengo hitzorduak: urtarrilaren 24an, Iruñeko Herriko tabernan; 26an, Bergarako Kartzela zaharrean; otsailaren 1ean, Bilboko Kafe Antzokian; 4an, Durangoko Plateruenan; 16an, Zarauzko Arrano tabernan; 23an, Oñatiko Antixenan; 24an, Berako Katakun; martxoaren 3an, Eibarko Ez doken; 9an, Gernikako Lekuek Festibalean; 14an, Bilboko Kafe Antzokian; eta, azkenik, 22an, Gasteizko Eskilarapeko Soinuak ekitaldian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button