LITERATURA

“Bestela esanda” literatur jardunaldiak, Iruñean

Iruñeko Kondestable Civivoxan, apirilaren 15etik 25era bitartean, Bestela Esanda izeneko literatur jardunaldiak abiatuko dira. Aurtengo programazioan narrazio-generoari buruzko topaketa eta azterketa-foroa gauzatuko da, ikus-entzunezkoekin, dantzarekin edo interpretazioarekin zein lotura duen aztertzeko.

Asisko Urmeneta marrazkilari eta irudigilearen eskutik etorriko da gaur berton lehen hitzaldia, 19:30ean, eta izenburu honen pean: “Hostoak ostuz. Literatura klasikoa egokitzearen lehen abantaila: gidoilariari ez ohi zaio haren partea pagatu”.

Apirilaren 18an, Miguel de Cervantes eta William Shakespeare idazleen heriotzaren 400. urtemugaren ospakizunaren harira, Saturnino García aktoreak literatura unibertsaleko bi jenio handi horien omenez ondu duen omenaldi berezia aurkeztuko du: Cumpleaños (Shakespeare y Cervantes). Hurrengo saioa, Irakurriz dantza-performancea, apirilaren 20an izango da.  Shakti Olaizolak 2013an ekin zion proiektua lantzeari, eta Leioako Kaleko Artisten Azokan eman zen estreinakoz 2014an.

Hil honetako azken astean, 25ean, Pilar Adón idazlearekin hitzordua programatu da. Liburua, bizimodu gisan, eta idazkera eta edizioa, edota nola aldatu ideia paperera, hitzen lanabes bakarrarekin, izango dira tratatuko dituen puntuetako batzuk.

Chancletas con capota para los días de lluvia izenburupeko azken topaketa Patxi Irurzunekin izango da, 27an.  “Zaborrezko mendi ketsuak, draq queen plataformak dituzten behiak, neska kantari punk maskaratu bat… Eskutik helduta eramanen gaitu idazleak bere eleberri batzuetako agertoki haluzinagarrietan barna”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button