IKUS-ENTZUN

Ba dator “Kameratoia”, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya

Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 40+1.edizioari hasiera emanez, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallyan parte hartzeko epea zabaldu da dagoeneko.

Kameratoia Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, urriak 6 eta 7an egingo da eta asteburu honetan parte hartzaileek 24 ordutan euskarazko film laburrak egin beharko dituzte.

14.edizioaren Kameratoia izan arren, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 40+1 bigarren urtez egingo da programazio horren barruan. Berrikuntzekin dator, gainera. Hala, lan egiteko eta lanak muntatzeko espazio bat jarriko da parte-hartzaileen eskura, eta Trinkete aterpetxean lo egiteko aukera ere izango dute 15 euroren truke.

Sari potoloak egongo dira jokoan eta hiru sari banatuko dira: talde irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 800 eta hirugarrenak 600. Gainera, eta berrikuntzen artean, Kameratoiko lehen bi onenek, abenduaren 9an, Durangoko Azokako Irudienean, Topaguneak estreinatuko duen sortzaile amateurren Euskarazko film laburren DemaS.A lehiaketaren final handian egoteko aukera izango dute.

Antolatzaileen esanetan, “euskarazko zinemaldian etorkizunera begirako leihoa izango da Kameratoia, begiak ‘zeru-mugan’ eta gazteengan jarrita. Ikus-entzunezkoak maite dituzten gazteek galdu ezin duten aukera  da, beraien abilezia probatzeko, dibertitzeko eta jende berria ezagutzeko”.

Izena emateko epea irailaren 24an itxiko da. Lehiaketan parte hartzeko xehetasun eta informazio gehiago duzue kameratoiaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button