ARTEA

Munduaren esperientzia lokalizatu bat

Urriaren 13ra bitartean, Marta Valverde artistak Blanco y Fucsia izeneko erakusketa paratu du Gasteizeko Montehermoson.

Erakusketaren harira publikatu den katalogoan, artistaren hitzek argitzen dute erakusketaren zioa: “Zinema irudia hartzen dut abiapuntutzat inguratzen nauenaz mintzatzeko. Bizi garen lekuen memoria interesatzen zait, eta pertsonekin zein objektuekin ditugun harremanak. Hori dela eta, nire lanaren izaera intimoa da gehien bat, material autobiografikoa oinarritzat hartuz loturez eta pertenentziaz hausnartzen baitu. Aldi berean, eta alderdi teknikoari dagokionez, bideoaren aurkezpen tradizionala zalantzan jarri nahi dut, nire kontakizunari ondoen moldatzen zaion euskarria aurkitzearren.”

Bertan ere, Cristina Arrazola-Oñate adituak honakoak dio artistaren bulkadari buruz: “Marta Valverdek aurkezten duen ikus-entzunezko hedatuan (Blanco y Fucsia) dokumentala eta fikzioa kontakizun beraren orrialdeak bailiran tolesten dira. Bertan, haren adiskideak eta lagunak agertzen dira, nork bere bizitzaren agintea hartzeko erronkaren aurrean, prekaritate -hori ere hedatu- testuinguru batean. Martaren proposamenak zalantzan jartzen du kontakizuna menderatzen duen subjektu orojakilearen presentzia eta, era berean, uko egiten die ikus-entzunezko kategoria eta formatu konbentzionalei, bizipen subjektibo bat eta munduaren esperientzia lokalizatu bat -belaunaldi baten gorputzean haragiztatua- transmititze aldera”.

Hemen dituzue ohar argigarri eta irudi ikusgarri guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button