EZLEKUBAT

Ezsoinua

Autobuseko geltokian ikusi berri dudan iragarkian, MP3 erreproduktore bat oparitzen dizute aurrezki kutxa bateko bezero bilakatzeagatik. Iragarkiaren arabera MP3 horren berezitasunik handiena bertan 1000 abesti eduki ditzakezula da: musika asko edukitzeko gaitasuna saltzen digute. Beste arlo askotan bezala, abiadura eta kapazidadea dira nagusi; kaka pilo bat bada ere, azkarra bada ona da.

Bestaldetik, herenegun industria musikalaren inguruan elkarrizketa irakurri nuen Euskal Herriko aldizkari batean. Bertan diskoetxeak jasaten ari diren krisiaren inguruan ziharduten hiru solaskidek. Elkarrizketatutako batek euskal diskoetxe baten buru den beste bati, egun dagoen pirateria eta internetetik jaisten diren abestien fenomenoari aurre egiteko, MP3an eduki asko daramaten CD argitaratzea gomendatzen zion. Hauek autoan eramateko egokiak omen dira eta horregatik saltzeko errazagoak izango zirelakoan zegoen.

Baina bada inork aipatzen ez duen datu garrantzitsu bat: MP3 batek, egun hauetan 25 urte bete dituen CDaren aurrean, kalitate askoz ere kaskarragoa du. MP3ak CD baten dauden datuak hartu eta “gutxien entzuten direnak” ezabatu egiten ditu. Horrela lortutako fitxero berriak originalak baino gutxiago okupatzen du. Gutxiago “pisatze” horrek berebiziko abantailak ditu audioa internet bidez bidali eta lantzeko, baina ez digute istorio osoa kontatu nahi. Azken urteotan musika entzuteko erabiltzen dugun teknologiak atzera pauso handi bat jasan du. Eta aldaketa hau ez da soilik erabiltzen dugun formatuan islatzen, merkatuan saltzen diren aparailuak gero eta argi, funtzio, kapazidade eta grafiko erakargarriagoak dakartzate, baina orokorrean soinuaren kalitateak nabarmen egin du bera.

Gauzak gehiago okertzeko, laurogeita hamarreko hamarkada geroztik, gure gizartean gehiago edukitzearen behar irritagarriak beste ondorio bat ekarri digu musika mundura: egiten diren grabazioak gero eta bolumen handiagoa daukate. Grabazio askok alde artistikoei kasu egin beharrean, zeinek lor dezakeen bolumen gehiago dute kezka. Hasiera baten bolumen handiak zirraragarriagoa egiten du entzutea, baina bigarren edo hirugarren abestira heltzerakoan gehiegizko bolumen horrek musikari dinamismoa kentzen dio, ito egin eta nekagarriago egiten du.

Disko bat egiterakoan, soinu “paisaia” konkretu bat jorratzen dute teknikari, produktore eta musikariek. Sonoritate hori nolabait koadro bateko koloreekin konpara dezakegu, sentsazio ezberdinak probokatzeko daude hor ipinita, detailerik ñimiñoena ere kontutan hartu eta kontrolatu egiten da artistaren ikuspuntua ahalik eta hoberen islatzeko. Musika mota askotan paisai sonoro hori artelanaren parte garrantzitsua da, eta identitate hori galtzen badugu artelanaren zati bat galtzen dugu. Musika maite dugunok ez al genuke artistak islatu nahi duen ikuspuntua osoki ezagutzeko aukera izan behar? Gaur egungo teknologiarekin eskaini zezaketen kalitatearen aurrean, guk gehiago edukitzea erosten dugu, ezsoinua aukeratzen dugu. Eta ironikoena da audio industria profesionalean erresolusio edo bereizmen handiko formatu digitaletan gabiltzala lan egiten, eta interesik balego guztiok erabili genitzakeela formatu hauek guztiak, erraz.

Askok pentsatuko dute exageratu bat naizela, kontent direla musika entzuteko erabiltzen duten metodoarekin, batez ere gehienak dohainik eskuratzen direnean. Baina ene ustez artelanaren haurrean errespetu gutxiko jarrera erakusten dugu bai industriak zein kontsumitzaileok; industriak musika entzuteko gailu merkeak saldu nahi dizkigulako (merkatua agortutakoan makina berriak salduko dizkigute) eta kontsumitzaileok ezjakintasunagatik edo saltzen diguten edozer erosten dugulako.

Ezsoinuaren ezlekura goaz ezbairik gabe.

(BIKE eta Balea musika ideiak)

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button