ESZENA

Aste honetan “Sisiforen paperak” obra Donostiako Victoria Eugenia Antzokian ikusgai

Harkaitz Canok idatzitako eta Fernando Bernuések zuzenduriko Sisiforen paperak izeneko obra aste honetan oholtzaratuko da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 28an eta 29an, hain zuzen ere. Egunkariaren kasuan libreki inspiratutako lan hau kazetaritzari egindako omenaldia da, modu bidegabean itxiarazi dituzten hedabide guztiei eskainia.

Antzezlaneko pertsonaietako batek dioen gisan, egunkari bat “gerra eta bakea ttipi baten parekoa” da. Egunero iraungitzen den nobela amaiezina. Mundu kaotikoa, lau zutabe estutara ekarria. Ez da harritzekoa kazetariak bokazioaren zerbitzura egotea, lan ezinezkoa baita haiena: idazkera zehatzaren eta gertaeren egiaren alde setatzen dira erredakzioan, prekarietatearen eta etsipenaren kontra erlojupean borrokan. Bitartean, botereak hariak mugitzen ditu informazioa kontrolatzeko. Ikertu eta galderak egitea da kazetariaren zeregina; zer gertatuko litzateke, ordea, galdekatua dena kazetaria bera balitz?

Obran parte hartzen duten aktoreak honakoak dituzue: Anjel Alkain, Iñigo Azpitarte, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Aizpea Goenaga, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Joseba Apaolaza, Iñaki Rikarte, Alexadru Stanciu, eta Dorleta Urretabizkaia.

Gasteiztik eta Bilbotik iragan ostean, Donostian duzue lan ederra ikusgai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button