EZLEKUBAT

The Yes Men talde subertsiboa Bilbon

Mike Bonnanok, Andy Bichlbaum-ekin batera, The Yes Men kolektibo estatubatuarra osatzen du. Sareko ekintzaile ezagunak dira. Webgune mimetikoen bidez, informazio subertsiboa zabaltzen dute, AEBetako Merkataritza Ganbara, Chevron petroliogile, Cocacola edota The New Yorks Time bezalako erakunde handien identitatea iruzurrez ordezkatuz. Hori guztia The Yes Men eta The Yes Men Fix the World film dibertigarrietan azaltzen dute. Bonnano Bilbon izan da tailer bat zuzentzen.

Mike Bonanno (The Yes Men) eta Daniel Garcia Andujar ematen ari diren Hedabideen edukien kudeaketa eta esku-hartzea: telebista eta sarea subertsiorako bitarteko gisa izeneko tailerra herenegun hasi zen, Arantza Lauzirikak eginiko aurkezpenaren eta Mike Bonannoren hitzaldiaren bitartez. Tailerra UPV/EHUk antolatzen dituen Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura (BizBAK) udako ikastaroen baitan dago.

Jardute artistikoan egiten den hedabide bisualen erabilera aztertzea eta bere aplikazioa baloratzea du helburu tailerrak, ikuspuntu praktiko batetik abiatuta, telebistako eta Web 2.0ko edukien kudeaketari eta manipulazioari dagokienez, baita esfera publikoan eragiterakoan izan daitezkeen ondorioei dagokienez ere.

The Yes Men bi aktibista estatubatuar dira. Ezagunak dira “identitatearen zuzenketa” izeneko jarduera gauzatzen dutelako. Hau da, agerian jarri nahi dituzte multinazionalak, eta multinazional horiek planeta osoko biztanleen kalterako babesten duten interes politikoen eta ekonomikoen sarea ere. Horretarako, umorea erabiltzen dute, eta nazioarteko foro makroekonomiakoetan eta multinazionalen bileretan sartzen dira.

Mike Bonannok hereneguneko hitzaldian, taldeak erabiltzen dituen metodoak azaldu zituen, eta erakutsi zuen hain poetikoak diren amets eta ideia alternatiboak gauzatu daitezkeela ekintza sinbolikoen eta fake-en bitartez. Ezinbestekoa da istorio on bat izatea, errealitatea puztea eta horrek dakartzan gatazkak eta zirrikituak baliatzea, gero eskura dauden hedabide eta sareetan zabaltzeko.

Artistak ekoizpen prozesua azaldu zuen ekintza propioen eta beste ekintza batzuen bidez. Taldeak 2009. urtean The New York Times egunkarian eginiko ekintza erakutsi zuen, eta fake kolektibo bat egitera animatu zituen parte-hartzaileak. Fake hori tailerraren bigarren egunean landu genuen.

Programazioa emankorra bada ere, jende gutxi bildu da workshop-ean, hamar bat lagun, hain zuzen ere. Hala ere, bertan batu garenon partaidetzaren mesederako izan da.

Tailerra bihar amaituko da Bizkaia Aretoan. Gaur eta bihar Daniel Garcia Andujarrek parte hartuko du eta Irudiek gezurra esaten dutenean izeneko tailerra zuzenduko du.

The Yes Men taldeari buruzko informazio gehiago hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button