EZLEKUBAT

2011, The End

“Ehun aldiz agur esaten denean, dorre bat jausten da etorkizunean”, esaten zuten Jon Maiak eta bere bandak Karidadeko Bentako Cd zahar batean.

 Zaila da agurraren ostean zer datorren asmatzea, zaila da berez, agurtzea… eta are zailagoa behin bakarrik egitea… gutariko nor da behin bakarrik agurtzeko gai? Zergatik sarritan, paradoxikoki, agurrak amaigabeak izaten dira, amaiera izan beharko luketenean? Zer kontrako proportzioa dela, eta lagun gertuen arteko agurrak luzeak eta nekagarriak izaten dira “beti arte” esatea borobila, zehatza eta behin betikoa izaten den bitartean?

Jaiotzen garenetik ongietorrietarako prestatzen gaituzte, izan ere, musuak, besarkadak eta oparien artean ematen diogu munduari lehenengo begirada. Hiltzen garenean berriz sentikortasun ortopedikoan murgilduta agurtzen gara, guk inoiz aukeratu ez dugun eta besteek sekulan asmatu ez duten erritoen barrenean.

2012. urteari  txanpan eta petardoen artean ongietorria ematen diogu, atzean uzten diogunari xalotasunez zipriztindutako begiradarik eskaini gabe. Agurtzen ez dakigu eta saiatzen garenean era trakets batean egiten dugu, airean tabako mingotsaren zaporea eta bukatu gabeko esaldia utzita.

Zinemak “beltzera” pasatzea asmatu zuen, antzerkiak teloia bota zuen, eta liburuak, tantaka, orriak agortzearekin batera amaiera hurbiltzen dela iragartzen digu. Baina guk, gidoirik gabeko aktore umezurtz orok, dena bukatzen denean, aurrera segitzeko baino ez daukagu.

Urte bukaeraren egun hauetan ospakizunetarako elkartzen gara, maparen gainean mugimendu sotilak eginez. Afariak bata bestearen ondoan datoz eta haize freskoa angulak bezain deseatua da. Antzerkira edo zinemara joateko ateratzen gara, bertan ardoa eta turroiak egongo ez direla jakinda… baina bertan topatuko duguna are astunagoa izango da: Alvin y las Ardillas, Haurren abesbatzak Gabonetako kantak abesten, Fuga de Cerebros… (Copito de nieve!!)

Lars Von Trier zorrotzagoa izan zen eta bere azkenengo filma apokalipsiarekin bukatu zuen. Horrela ez zegoen zalantzarako izpirik. Inor ez zen gelditu kreditoen ostean ezusteren baten zain. Berehala harrapatu genuen. Behin betiko agurra, alegia.

Agurtzeko garaia da beraz, eta hemendik aurrera esaten dugun guztia gai berdinaren inguruko bertsioak baino ez dira izango.

Plazera izan da. Mila esker.

Osasuna eta askatasuna guztiontzat 2012.  urtean!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button