EZLEKUBAT

Jenni Alvarado, introspekzioaren bidezko sormena

Jenni Alvarado (Bilbo, 1981) 2005ean Arte Ederretan lizentziatu ostean, Diseinu Grafikoa ikasi zuen, eta lanak egiten hasi zen. Iaz Ertibil erakusketarako hautatua izan zen eta gaur egun bere lan pertsonala haurrentzat margo klaseak ematearekin bateratzen du.

Zein izan da orain arte izan duzun bilakaera?
Karrera bukatzean margolaritza eta argazkigintzan egin nuen espezialitatea. Baina bukatu nuenean egiten nuena eskultura eta zeramika izan ziren. Zeramika oso gustuko nuen, baina nik labarik ez nuen; margoa garai hartan zentzugabekotzat nuen, baliabide arkaikotzat, eta ondorioz albo batera utzi nuen. Hori bai, inoiz ez nion utzi marrazteari, block bat neraman beti eta bertan marrazkiak egiten nituen. Orduan baliabide digitalez baliatuz animazioa egiteari ekin nion, diseinuaren munduan gauzak egiteari. Baina diseinuarekiko nuen hasierako lilura hori berehala desegin zen. Nire lana introspektiboa da, eta orduan egiten nuena ordenagailu batera eramatean enpresa batentzat, ez zitzaidan gustatu.

 

Jenniren tailer berria.


Margoa gorrotatzetik nola pasatu zinen margotzera?
Berlinen nengoela, margotzea oso gustuko zuen lagun bat ezagutu nuen, eta berak kutsatu ninduen pixka bat. Bi hilabete eman genituen elkarrekin koadro oso handi bat margotzen. Ni batzuetan bere espazioan sartzen nintzen eta bera nirean eta gauzak estaltzen edo aldatzen genizkion elkarri, eta bi hilabeteren buruan izugarrizko sendoera zuen koadro bat egin genuen. Horrela berreskuratu nuen margotzeko gogoa eta Berlinetik bueltan, ba margotzeari ekin nion. Orain dela hiruzpalau urte hasi nintzen beraz, margoa serio hartzen.

 
Barne beldurren inguruko obra bat.

Nola definituko zenuke zeure burua?
Niri definizioak asko kostatzen zaizkit, eta neure burua definitzea oraindik gehiago. Egiten dudana batez ere margotzea da eta haurrei margo klaseak ere ematen dizkiet, baina neure burua margolari bezala definitzea kosta egiten zait, agian arte merkatura lotzen dudalako margolariaren figura, “artista” hitzaren kasuan bezala, “margolari” hitzari duintasun gehiegi eman zaiola deritzot, eta kontsumo merkatura lotzen ditut bi hitzok …eta bestetik, irakasle gisa definitzea ere kosta egiten zait… Argi dudana da ilustratzaile gisa lan egin nahi dudala etorkizunean, zintzoagoa iruditzen baitzait lana, margolariarena baino, gauza politak egin daitezkeelako prezio arrazoizko baten barnean, inolako handikeriarik gabe, artearen  merkatutik kanpo.

Nolakoa da zure egun normal bat?
Urtarrilean berriz margo irakasle bezala hasiko naiz berriz, baina orain libre nago. Beraz goizak zirriborroak egiten ematen ditut, gestioak etab. Eta gero arratsaldean 18:00ak aldera tailerrera jaisten naiz eta margotzen ematen dut denbora. Astean hiru edo lau arratsalde ematen ditut margotzen, gauerdirarte. Baina gero margoa denbora guztian buruan duzun zerbait da, ez duzu inoiz deskonektatzen.
 
 
Tailerrean dituen zenbait lan.

Zer da zuretzat artea, margoa?
Nik uste dut pertsona bakoitzak bere zentsua eta funtzioa ematen dizkiola arteari. Aukerak anitzak dira  eta ez dut uste arteak funtzio bakar bat izan behar duenik. Nik era introspektibo baten erabiltzen dut. Alde batetik niretzat margotzeak berehalako alde terapeutiko bat du: neure barrenean gustuko ez ditudan gauzak, beldurrak, kezkak e.a. ateratzeko  modu bezala sentitzen baitut. Hitzekin atera beharrean irudien bidez ateratzea errazagoa da niretzat, eta ateratzen ez badut gaizki sentitzen naiz. Eta bestalde, denbora pasatu ondoren nire lanak ikustean obra egindako garaian buruan neukan zerbaitek nola eragin ninduen inkontzienteki ikusten dut, hasiera batean, obra egitean, ikusten ez nuena. Eta izatez, kuadro batzuetan nik egon nahi dut bertan, eta obraren baten itzal moduan agertzen naiz.

 
Zure inspirazio iturriak aipatuko zenituzke?
Iturriak inkontzienteak dira. Ez daukat hor jarraitzen dudan egilerik… Adibidez beti izan ditut gustuko animeak (japoniar animazioak) eta komikiak, eta hori nahi gabe obretan islatzen dut. Animalia pilo margotzen dut ala maskaradun pertsonak eta beti fabula antzeko errepresentazioak egiten ditut. Nire istorioek beti dituzte animaliak pertsonai nagusi, eta gero konturatzen naiz etxean ditudan komiki askoren protagonistak ere animaliak direla, edo animaliaz mozorroturiko jendea. Eta berdin gertatzen da animeekin; halako puntu bat ere badut, adibidez ile bola bati maskara jartzea eta horrela bola hori zerbaitetan  bilakatzeak badu animeen munduko puntu bat. Beste egunean irudi hori ikustean pentsatzen nuen, zelako kopiona naizen, ziur irudi hori Chihiroren bidaia-n agertzen den jainko moduko munstroetariko baten kopia dela. Beraz iturriak inkontzienteak dira.

 Azkenengo lanetariko bat.

Zein da zure lan prozesua?
Nik akrilikoarekin margotzen dut eta sarritan serie bidez funtzionatzen dut. Abiapuntutzat maiz koadernoko zirriborroak erabiltzen ditut, eta hortik abiatuta serieak egiten ditut. Photoshp-aren geruza ezberdinen antzerako da, gainetik gauza batzuk jarriz noa,  beste batzuk desagertzen dira. Batzuetan obra bakana ateratzen zait. Tamainuak ere badu horretan eragina. Zenbat eta handiagoa izan lana normalean bakarra izateko aukera gehiago daude. Txikiagoa denean gehiago egiteko beharra sentitzen dut. Beste batzutan, argazkiak hartzen ditut abiapuntu gisa. Familiako argazkiak, niri zerbait sentiarazten edo oroitarazten didatenak eta gustuko dudan zerbait aurkitzean zirriborroak egiten hasten naiz, eta haietatik abiatuta margoa sortzen da. Ez naiz ideia edo zirriborro zehatz batetatik abiatzen. Irekia den prozesu bat da, nire egoera animiko eta beste hainbat faktoreren araberakoa.  

Ze proiektutan zaude sartuta orain?
Orain momentuz ez dut proiektu definiturik. Tailer berri honetara etorri naiz eta momentuz espaziora moldatzen ari naiz. Berrienak hemen txakur eta neskenak dira, beste batzuk izan ditudan ametsen  ingurukoak dira, lehen aipatu dizudan hari introspektiboari jarraituz. Etorkizunera begira nire proiektua basamortuak egitea litzateke. Beste planeta batzuk iruditzen zaizkit, toki bitxiak. Eta horretan sartzea gustatuko litzaidake une honetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button