LITERATURA

“Eztabaidak Literaturarekin”, Unai Elorriaga eta Jesús Ferrero

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak, bihar, arratsaldeko 19:30ean, Eztabaidak literaturarekin programaren barruan, Unai Elorriaga eta Jesus Ferrero idazleak  bilduko ditu, hiriek literaturan betetzen duten lekuari buruz hitz egiteko.

Hiriak literaturan izenburupean, Jesus Ferrero eta Unai Elorriaga idazleak hiriek euren lanetan betetzen duten lekuaz, eszenatoki horiek azken denboretan gehien saldu diren liburuetan duten garrantziaz, edo literatur laneko pertsonaia bilakatzen diren hiriez mintzatuko dira, besteak beste.

Jesus Ferrerok (Zamora, 1952) Bartzelona Hiria Saria irabazi zuen 1982an Bélver Yin eleberriarekin, eta harrez gero idazle kontsakratu bilakatu da. 1986an Matador filmaren gidoia sinatu zuen Pedro Almodóvar zinegilearekin batera. Poemak ere idazten ditu, eta antzerkigintza ez zaio arrotz egiten.

Beste aldetik, Unai Elorriaga (Bilbo, 1973) euskal literaturaren idazlerik porrokatuenetako bat da. Bere lehenengo liburuarekin, SPrako tranbia lanarekin, Narratiba Sari Nazionala lortu zuen 2002an, eta sari hori lortu duen euskarazko bigarren idazlea izan zen, Bernardo Atxagaren ondoren. Sari horri esker Elorriaga Euskal Herritik kanpo ere ezaguna egin zen, eta ordutik Alfaguara argitaletxeak bere eleberri guztiak argitaratu ditu.

2007ko urtarrilean Eztabaidak literaturarekin ekimena martxan jarri zenetik, idazle bikoteen arteko elkarrizketa asko entzun ahal izan dira bertan, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel de Prada eta Aitzpea Goenaga eta abar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button