ARTEA

Jardun Artistikoentzako Institutuaren laugarren edizioaren deialdia

Tabakalerak eta Artium Museoak Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) laugarren edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Bertan, praktika artistikoa lantzen da, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatzen dira.

Deialdia “artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei” zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 24ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren (tabakalera.eus), Artium Museoaren (artium.eus) eta Jorge Oteiza Fundazio Museoaren (museooteiza.org) webguneetan eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat -irudiekin- erantsi beharko dituzte bertan.

Prestakuntza-saioak ekainaren 5etik abuztuaren 25era bitartean izango dira: ekainaren 5etik 30era, Artium Museoan horretara bideratutako espazioetan; uztailaren 1etik abuztuaren 25era, Tabakalerako Artisten Gunean. Abuztuan, berriz, parte-hartzaileek egonaldi labur bat egingo dute Altzuzan, bertan baitago Jorge Oteiza Fundazio Museoa.

JAI “udako eskola baten moduan egituratzen da, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Jatorri oso ezberdineko ahots profesionalak elkartzen ditu, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button