LITERATURA

Bihar abiatuko da Nazioarteko Poesia Jaialdia

Bihar, ekainak 7, hasiko da Donostian Eusko Jaurlaritzak 2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea programaren barruan atondu duen Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra Nazioarteko Poesia Jaialdia. Hala, ekainaren 7, 8, 9 eta 10ean, mundu osoko berrogeita hamarren bat poeta ospetsuk parte hartuko dute Donostian, Gasteizen eta Bilbon.

Hala, poesiaren diziplinan ibilbide luze eta zurruna egin duten hainbat izen ospetsu gure hirietan bilduko dira. Maila handiko poeta hauek etorriko dira: Jack Hirschmann (Estatu Batuak), Cristina Peri Rossi (Uruguai), Rafael Cadenas (Venezuela), Natalia Toledo (Mexiko), Werewere Liking (Kamerun),Gabriel Jaime Franco, Saadi Yousif, Lello Voce, Karen Connelly eta abar. Hurbilagotik Manuel Rivas, Luis Garcia Montero Ana Rosetti, eta Isabel Perez Montalban, besteak beste. Azkenik, euskal poesiak bere ordezkariak ere izango ditu, hala nola, Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Patxi Zubizarreta, Gerardo Markuleta,…

Egingo diren jarduerak ondokoak izango dira: poesia-errezitaldiak, ipuin-kontalariak, musika-emanaldiak, poesia bisualeko erakusketak, ekitaldi teatralizatuak, eta bestelako ekimenak.

Nabarmentzekoak dira ekainaren 8an, Donostiako San Telmo Museoan, Hitzaren eta oroimenaren eztabaida eta Emakumezko poeten saio berezi bat izeneko errezitaldiak. Lehengoan, Luisa Etxenikek eta Willy Uribek hartuko dute parte, eta Miren Agur Meabek errezital bat egingo du. Bigarrenean, Werewere Liking (Kamerun), Natalia Toledo (Mexiko), Chiranan Pitpreecha (Tailandia) eta Karen Connelly (Kanada) poeta famatuak arituko dira.

Egun berean ere zer ikusi egongo da Gasteizen. Bertan, poesia saio bereziak egongo dira, musikarekin uztartuta, adibidez, Afterpop Fernandez & Fernandez izenekoa, Agustin Fernandez eta Eloy Fernandez bikoteak egingo dutena. 9an, halaber, Bilboko Euskalduna Jauregian izango dira ekitaldiak goian aipaturiko izen askoren presentziarekin.

Egitarau osoa euskadi2012.org webgunean kontsulta daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button