LITERATURA

Mikel Zarate haur literaturako saria Julen Gabiriarentzat

Julen Gabiriak idatzitako Nire aita ikusezina da nobelak irabazi du Mikel Zarate haur literaturako saria. Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak hala erabaki du. Udazkenean kaleratuko da lana.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten iaz sariketa hau, Mikel Zarateren omenez. Lehen urtean Asier Mendoza zarauztarra suertatu zen irabazle, Beste gu izeneko liburuarekin.
Bigarren ekitaldi honetan, berriz, aurkeztutako 19 lanen artean Gabiriarena hautatu du epaimahaiak aho batez. Bi hari nahasten ditu istorioak: batetik, aita arduratsu bat daukagu, bere haur txikia paseatzera ateratzen duenean inork jaramonik egiten ez diola-eta kezkatuta dabilena, ikusezina delakoan; eta bestetik, etxeko alaba zaharrena dugu, Elene, neska pixkor eta argia, mutiletan ere hasi berri dena. Familiako gorabeherak umorez eta sentiberatasunez kontatzen asmatzen du egileak.

Beste aldetik eta bestelako sariak aipatuz, Antxiñe Mendizabalen eta Jasone Osororen liburuek 2010-2011 Liburu Gazteako Saria jaso dute.
Elkar argitaletxetik jakinarazi dutenez 2010-2011. ikasturteko Liburu Gazteak aukeratuak izan dira dagoeneko. Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari esker antolatzen du ekimen hau bi helburu lortzeko xedearekin: Gipuzkoako DBHko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da bat. Bestea, euskarazko gazte literatura zabaltzea.

Maiatzaren 15ean bukatu zen Liburu Gaztea Sarian bozketa egiteko epea. Ikasturte honetan, Liburu Gaztean Gipuzkoako DBHko 30 ikastetxek parte hartu dute bozketan. Guztira, 3.451 ikaslek egin dute bozka. Emaitzei dagokionez, 2009an argitaratutako euskarazko gazteentzako liburuen artetik, Antxiñe Mendizabalen Nire amak ez dauka erremediorik DBH1erako liburua saritu dute eta DBH2rako liburuen artean Jasone Osororen Ezekielek eraman du beste saria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button