ESZENA

Euskal eszenako konpainiarik interesgarrienak, BAD-en

Bilboko Udalak antolatutako Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia, BAD, urriaren 20tik 29ra bitartean luzatuko da, eta 20 konpainiaren azken lanak bilduko ditu, BilbaoArte, La FuNdicIOn Bilborock, Campos Antzokiko Kupula Areto, Pabellón 6 edo Berreginen Museoko eszenatokietan.

Ricky Hollywood artista frantsesaren kontzertu batekin inauguratuko da BAD, urriaren 19an, 20:00etatik aurrera, Bilboko Berreginen Museoan, baina programazio eszenikoa urriaren 20an hasiko da La Fundicionen, A placer lana agertokira eramango duen LaBuena Compañía talde katalanarekin.

Beste aldetik, ikusiko ditugun lanen artean, Estatuko sei estreinaldi izango dira, bai  eta erabateko estreinaldia izango diren euskal konpainien beste horrenbeste lan. Gainera, dantzaren eta dramaturgia alorretan lan egiten duten artista gazte askoren proposamenik abangoardiakoenak ikusteko parada izango da. Hala, Olatz de Andres, Nuria Perez, Ana Capilla, Nerea Martinez, Proyecto Larrua, Kanpai eta Peru Sabanek estreinaldiak oholtzaratuko dituzte.
Lan batzuek musikarekin batera ere agertaraziko dituzte. Hala, urriaren 24an, zuzeneko musikari batek eta hiru antzezlek (Mikel Losada, Getari Etxegarai eta Irene Bau), Buñuelen eta bere biografoaren arteko topaketa eta elkarrizketa surrealista antzeztuko dute.

Estatu mailako estreinaldiak hauen eskutik etorriko dira: Vera Mantero, Malika Djardi, Cally Spooner, Michele Rizzo, Alessandro Sciarroni eta Raodouan Mriziga. Eta hemengo artistak hainbat lan eszenaratuko dituzte; batzuk aipatzearren: Baserri proiektua, Biraka obra, White Lies, Funtzak edo Misión Käpsa.

Jarduera paraleloak ere antolatu dituzte. Hala, jaialdia irauten duen bitartean, zinemara hurbiltzeko aukera ere egongo da, izan ere, dantzarekin zerikusi zuzena duten hainbat film pantailaratuko dira. Eta urriaren 28an, 4 eta 12 urte arteko umeak dituzten familiei zuzendutako dantza eta mugimendu jarduera ere programatu da Bilborock aretoan, 17:30etik aurrera.

Noiz, zer eta non jakin ahal izateko, BADen webgunera sartzea duzue onena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button