LITERATURA

Jon Iñaki Lasa idazleak “Pertsonaiak” izeneko poema liburua plazaratu du

Atzo, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan Jon Iñaki Lasa idazlearen Pertsonaiak (Pamiela) izeneko poemarioa aurkeztu zen. Bertan egileak bera eta Jose Angel Irigaray Pamielako ordezkaria bildu ziren. “Maitasuna, oso zentzu zabalean, lanaren ardatza da” aipatu zuen egileak.

Jon Iñaki Lasak berak luzatu dizkigu liburuaren nondik norakoak: “Inork ez du galdetzen, edo neuri ez zait iruditzen, kantuen bilduma bat nola entzun behar den. Esku artean duzun moduko lanekin, ostera, askori zalantza sortzen zaio eta ez du jakiten nola irakurri; (…) askatasun osoa duzu, kutxa zahar baten agertutako argazki zaharrak ikusteko -edo ez ikusteko-  askatasun osoa duzun bezala.
Inoiz gertatu zait, eta zeuri ere bai seguruenik, argazkiak aurkitu izana  liburu zaharretan, album laruetan edo batek daki nongo alkanfor usaineko tiraderatan. Argazki zuri-beltz horietan neure burua identifikatu dut nahi baino sarriago eta ez dut jakin bereizten “hau neu naiz”, “hori neu naiz”, “hau neu nintzen”,  “neu izan nintzen”, “neu izango naiz”,  ”hori neu nauzu”… eta antzekoen artean. Nahi baino sarriago diot, argazkion arteko lotura bakarra izan baita tristura, maiz larria.”

Liburuan hainbat aipu eta egile agertzen dira: “Alde batetik dituzu aipuak, oso esanguratsuak bilduma ulertzeko (Bizenta Mogel, Lauaxeta, Uztapide, Tere Irastortza). Gero badira  moldatutako beste bi testu (Leonard Cohen eta Olga Lengyel) eta bildumara ekarritako hirugarren bat, Tontorrekorena. Hirurak dira zutabe lan honetan”.

Eta pertsonaiak? “Pertsonaiak asmatu ditut lehen aipatutako argazkiekin gertatzen zaidan bezala gertatzen zaidalako testuokin. Tristura agertzen denean ezinbestekoa da arnas apur bat hartzea”.

Bizirik irautea izan da beti helburua
eta sufritu gabe hiltzea.
Ez da denbora gehiegirik eduki, egia esan,  maitasun kontuetarako.
Musu, haurrei eman izan zaie, eta oso ttikiak izan direnean  soilik.
Horrelaxe hazi dira belaunaldi batzuk gure herrian.

Inork  gutxik ikusi ditu aiton-amonak elkarri musu ematen.
Luzaroan izan da  baliokoa eta balekoa,
esan izan ez dena.
Limurkeria
jolasak,  horixe izan dira: jolasak eta keriak.
“El amor no resiste” izan da esamoldea,
arau bihurtua gehienetan,
ez baita izan existentzia maitasunaren ezaugarria eta dohaina
etxe askotan.

Gure amak sekula ez zidan esan maite zaitut,
eta horren falta sentitu dut bizitza osoan.

Neure txikitxo, gaur egin dituzu 54 urte.
Entzun: maite zaitut.

Eta amak betaurrekoak kendu ditu
zorion  malkoak sikatzeko.

Jon Iñaki Lasa (Gernika, 1963) Gizarte eta Informazio Zientzietan lizentziatua da, eta  Kandela literatur taldearen sortzailea. Berak dira: Alizia eta biok (Ustela, 1982), Andaluziari ene bilduma (Susa-Kandela,1984), Euskal letren dantza 1983an (Kandela-Hordago, 1984 elkarlanean), Triskantzatik esperantzara (Gernika-Lumoko Udala, 1987 elkarlanean), Sobre las costumbres del gran kan y otros apuntes (Gernika-Lumoko Udala, 1987), Dragoigilea. Montiano, Juan Ignacio (Hiria liburuak, 2005, itzulpena), Galderen Liburua: Neruda, Pablo (itzulpena, argitaratu gabe, 2016), Bidaiak (Pamiela, 2017).
Bizkaia Irratian, Komatxo artean literatur saioaren zuzendari eta aurkezle ere aritu izan da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu