ESZENA

Kultur proposamen andana “Kultura Kalez Kale” programan

Bilboko barrutiek Kultura Kalez Kale ekimena jasoko dute maiatzean eta ekainean, eta bertan antzerkia, clownak, magia, zirkua, folklorea, musika zuzenean edo zinea ikusteko parada egongo da.

Bilboko barrutietan guztira 200 ikuskizun eta jarduera inguru izango dira, eta eszenatokia kalea izango da. Kultura Kalez Kale egitarauan zirkua, clown erakustaldia, magia, antzerkia, ipuin-kontalariak, hitzaldiak, kontzertuak, kaleko bandek eskainitako musika animazioa eta beste zenbait kultur jarduera antolatu dira.

Ekimenaren helburu nagusia proposamen horiek auzoetara hurbiltzea, bertako kaleak animatzea eta biztanleen partaidetza eta horrelako ikuskizunekin harreman zuzena sustatzea da.

Eskaintza anitz hori maiatzeko lehen asteburuan jarriko da martxan, Ibaiondoko, Deustuko eta Abandoko barrutietan. Lehen egun horietan ere Magia Topaketak programatu dira, eta ospe handiagoa lortzen ari diren Estatu osoko, Frantziako eta Alemaniako magoak bilduko dira.

Maiatzaren 7tik aurrera, Clown Zorrotza izenekoaren laugarren edizioa ospatuko da. Bertan, Xanti Ledesma eta Ganso & Cía, Mathieu Moustache eta Monkey Style frantsesak eta Jessica Arpin clown suitzarra izango dira. Gainera, Zirkualde, Hiriko Zirku Jaialdia ere ekainean izango da, Errekalde auzoan.

Beste gauza asko ere programatu dira, hala nola, Euskal Herriko folklorea Dantza Plazetan programa;  Santutxuko Udaberriko Bertso Saioak; Musikauzo programa, edo Musika dibertigarria da kontzertu didaktikoen ekimena; eta nola ez, Kalez kale egitarauak kaleko antzerkia programatu du hiri osoan, familiari zuzenduta. Eta uztailean Kalealdia Bilboko antzerki eta kaleko arteen jaialdia ospatuko da.

Ordutegiak, kokalekuak eta bestelako informazio guztia hemen topatuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button