LITERATURA

Momentuetako edertasun-sentsazio efimeroak, poema eta irudi bilakaturik

Sandro Penna poeta italiarraren poemak ditugu euskaraz, Iñigo Astiz idazleak eginiko lanari esker. Atzo bertan, Bilboko Aire galerian, Bilduma bat Sandro Penna izeneko liburua aurkeztu zuten Damaris Pan artista eta EHUko pintura irakasleak eta Iñigo Astiz idazleak, biak poeta hori gustuko dutelako, plazerez irakurtzen baitira plazerez beteriko poemak.

Sandro Penna poeta ez zen Pier Paolo Pasolini, Cesare Pavese edo Eugenio Montale poetak bezain ezaguna, baino horrek ez du esan nahi beste horiek baino gutxiago zenik. Pobrezia aristokratikoan bizi zen, ez zuen lan finkorik izan, eta hala moduz ateratzen zuen eguneroko ogia, …salerosketetan, kontrabandoan, eta abarretan, baina beti izaten zuen une bat idatzizko apunteak hartzeko, begien aurrean gertatzen zenari buruzko pentsamendu ederrez hornitzeko, eta azken batean, poemaren formaz burutzeko.
Pier Paolo Pasolini eta Natalia Ginzburg idazleen autore kuttuna zen Penna, eta inoiz, Nobel Saria Montaleri eman beharrean, Pennak gehiago merezi zuela esan zuten ahotsak izan ziren.

Bere poesiaren ardatza edertasun ñimiñoaren kronika da; gardentasuna, erotismoa, momentuetako sentsazioak, ihesi doakigun edertasun hori harrapa ezin daitekeen uneetako isla. Poemetan mutikoak agertzen dira, desiraren momentua eskuratu nahiko balu bezala, helduen munduari uko eginez, eta plazeraren mundura lerratuz.
“Erronka izan da niretzat itzultzea”, esan du Astizek; “Nola itzultzen da gardentasuna? Hori izan da arazoa, gardentasun hori euskarara ekartzea”.

Damaris Pan artistak poetaren marko berean aritu da. Marrazki batzuk eginak bazituen ere, poetaren gisan aritu da eta kaleetan hartutako irudi efimeroekin osatu du lan artistiko bikaina, ilustrazio hutsa ez dena, proiektuari osotasun bat eman nahi izan diona, “baina orokorrean, marrazkiak ez datoz bat orri horretan bertan agertzen den poemarekin”.  Helburua argia zen: poemen gardentasuna eta instantea harrapatzeko ahalegina dira marrazkiak, “une horretakoak”. Batzuk kalean egin baditu ere, “gero estudiora joan eta amaitu izan ditut.”

Artea eta literatura uztartzen dituen proiektu hori plazer estetiko hutsagatik sortu dutela esan dute bi egileek, “gustura laztantzen duzun liburu bat atera nahi genuen”. Horren ondorioz, elkarlanean kaleratu dute 200 orritik gorako irudidun liburua Farmazia Beltza eta EFi argitaletxeekin.

Atzo arratsaldean, Donostiako Tobacco Days liburu-dendan izan ziren, 19:00etan, liburuaren aurkezpen publikoa egiten, pianoa, bideoa, irudiak, eta, noski, Pennaren poemak uztartzen dituen ikuskizun batekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button