LITERATURA

XIII. Igartza Literatura sorkuntzako beka

Idazle gazteen lana promozionatzeko sorturiko sari honek 13. urtea betetzen du, eta orain arteko irabazleen zerrenda ikusita argi geratzen da arrakastaz bete duela asmo hori, liburu arrakastatsuak eta ibilbide oparoa egin duten idazleak ezagutarazi baititu beka honek.

Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.
Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako narratiban liburu bat baino gehiago ez izatea.

Partehartzaile bakoitzak, lau aldakitan (lau kopia) eta bere benetako izena agerian jarri gabe, ondorengo agiriak aurkeztu behar ditu bere proiektuarekin batera:
a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
c) Gutunazal itxia (ale bakarra), kanpoko aldean idazlanaren izenburua izango duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.

Proiektuak, 2010eko ekainaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: XIII. Igartza Literatura sorkuntzako Beka, Euskara Zerbitzua, Udaletxea, Loinazko San Martin plaza 20.200 BEASAIN (Gipuzkoa).

Karmele Jaiok, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2010eko irailaren 10a baino lehen.
Uxue Apaolaza izan zen joan den urteko irabazlea.

Elkar argitaletxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button