ESZENA

Ikusezina da begiratua ez dena

Datorren astean, urriaren 4, 5 eta 6an, Oiartzungo, Ehuntze sormen espazioak sorkuntza, pentsamendua eta generoari loturiko ekitaldiak ikusarazteko 21 aulki zikloa beteranoaren barruan, Emakume ikusezinak begira egingo du.

Bertatik adierazi diguten moduan, “Ehuntzek 21 aulki zikloa antolatu du hiru urtez, bertan sorkuntza, pentsamendua eta generoari loturiko ekitaldiak eskainiz Oiartzungo herriari eta bertara gerturatu nahi duen orori. Aurten Emakume ikusezinak begira leloa jarri diogu zikloari. Bertan honako mezuaz sakondu nahi dugu: ikusezina da begiratua ez dena. Baina begiratua ez denak, badu ikusteko gaitasuna”.

Emakume sortzaileen ahots garaikideari erreparatuko diote aurten, eta horretarako programazio interesgarria ondu dute. Hala, urriaren 4an, Tupust! komiki antologia feministaren aurkezpena egingo dute Maite Gurrutxaga, Arrate Rodriguez, Ainara Azpiazu Axpi eta Iratxe Retolazak. Hurrengo egunean, urriak 5, errezitaldia programatu dute Goiatz Labandibar, Aintzane Galardi, Ainara Lasa eta Idurre Eskisabelekin. Bertan ere, Asier Sarasola (Alejandra Pizarnik-en poemak irakurriko ditu) eta Danele Sarriugarte (Audre Lorderen poemak) izango dira.
Igandean, urriak 6, Emakume Burugabea izeneko antzerki, musika eta literatura emanaldia antolatu da, Antxiñe Mendizabal, Nerea Gartzia eta Pello Ramirezekin.

Beste aldetik, Sinesgaitzari bide egiten: emakume-ahotsen genealogiak izeneko ikastaroa ere emango du Iratxe Retolazak, urriaren 28an eta azaroaren 25ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button