IKUS-ENTZUN

Euskal Zinema Dokumentalaren Astea, Gasteizen

Vital Fundazioa Kulturunean, urriaren 5era bitartean, Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen IX. edizioa garatuko da. Betiko legez, ekimenak euskal profesionalek zuzendutako film sortarik onena eskainiko du, 19:30ean hasita.

Atzo abiatu zen astea Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 lanarekin. “Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.”

Gaur, hilak 3, Iratxe Fresnedaren Tetuan filma pantailaratuko da. “Migratzaile baten alabaren bulkadak eraginda hasi nintzen istorio hau idazten eta pentsatzen; aita nor zen, zein lekutatik igaro zen, zein zailtasun izan zituen jakin behar zuen hark. Hala, jakin-min pertsonal horrek, zinemagile naizen aldetik, bilaketa partekatu bat film batean eraikitzeko nahia piztu zuen nigan azkenean. Bidaia zinematografiko eta emozional baten bidez kontakizun honen parte naiz orain. Une batzuetan, behatzaile gisa, beste batzuetan, filmean zehar bilaketa hori, nire inplikazioa eta izan ditudan inpresioak zuzenean kontatuta.”

Asteazkenean, Sergio Azkarateren Amaiur lana ikusgai izango da pantailan. “Ines eta Aritz, amona eta biloba, baserri berean bizi dira Eskoriatzan. Berta eta Maialen eskalada zale amorratuak dira. Mikelek, aldiz, mendian egiten den edozein kirol praktikatzen du. Eta Yoli eta Joseba alpinistak direlarik ere, orain Gorbeiako aterpea daramate, atseden hartu nahi duen edonori aterpe emanez, abeltzainak, artzainak edo mendizaleak izan. Denek batera, mendiarekin eta naturarekin erlazionatzeko modu ezberdinak erakusten dizkigute, mendia gertu sentitzen duenaren egunerokotasunetik beti ere.”

Azkenik, urriaren 5ean, Josu Martinezen Mirande, film bat egiteko zirriborroa lana ikusiko da. Egileak berak hala deskribatu du:  “Mirande arrazista, pedofiloa, nazia, misoginoa eta ezmorala omen zen. Miranderi buruz hitz egiten den bakoitzean, polemika biziak sortzen dira. Ez dakigu zer egin idazlearekin. Miranderi buruzko film bat egin nahi dut, baina ez dakit nola. Agian, interesgarriena hari hitza ematea litzateke.”

Gehiago jakiteko: Euskal Zinema Dokumentalaren Astea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button