ESZENA

Gerrako eta gerra osteko bizimodua emakumeen begietatik

Amantala Kultur Elkarteak, San Telmo Museoarekin lankidetzan, Amantalen Ahotsa ikuskizuna aurkeztu du duela gutxi. Amantalen ahotsa ikuskizuna urriaren 7an egingo da, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta lan horretan gerrako eta gerra osteko bizimodua nolakoa izan zen erakutsiko du, emakumeen begietatik eta haien bizipenetan oinarrituta.

Izan ere, aurtengo uztailean 75 urte bete dira gerra hasi zela, eta, mugarri hori baliatuta, urte haietako historia kontatu nahi dute ekimenaren antolatzaileek. Ikuskizunaren bizkar-hezurra adineko emakumeen testigantzak izango dira eta Ikuskizun artistikoa izango da, hainbat diziplina uztartuko dituena, izan ere bertsoek, zuzeneko musikak, kantuek, antzezkiak eta dantzak borobilduko dute saioa. Ehundik gora neskak eta emakumek hartuko dute parte ikusgarrian eta haiek ere narratzaile lana egingo dute, nork bere erara eta bere baliabide artistikoekin. Ikuskizunean kulturako alor askotako pertsonak batuko dira, horien artean musikari, dantzari eta bertsolari ezagunak ere izango dira.

Gerra sasoiko  gertakizunak batez ere gizonezkoek kontatu dituzte orain arte, borrokan parte hartu zutenek. Bitartean, emakumea familiaren euskarria izan zen; hala ere, haren minak eta ahaleginak ezkutuan geratu dira.
Obra honetan, gerrako kontuez gainera, gizarteko alor guztiak jorratuko dira, eta hala etxeko ohiturak, eskolako martxa, laneko gorabeherak, kaleko giroa, erlijioaren indarra modu gordinean zein umoretsuan kontatuko dituzte.

Gogoratu, urriaren 7an egingo da Amantalen ahotsa ikuskizuna, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.



Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button