LITERATURA

“Olatuak hausten diren lekua”

Izenburu horrekin Ekaitz Goienetxea kazetari eta idazle bizkaitarrak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXI. sariketa irabazi du. Francisco Javier Perez zamorarrak sari bera eskuratu du gaztelaniaz, Que no se entere Freud izeneko lanarekin. Irabazleek 3.500 euroko sari bana eskuratuko dute.

Sari-banaketa bariku eguerdian egin zen, Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan; bertan izan ziren Ibon Areso alkatea, epaimahaiko kideetako batzuk eta azken edizio honetako saridunak. Epaimahaiak egileen jatorria nabarmendu nahi izan du: lehiaketara aurkeztu diren 578 ipuinetatik 39 euskaraz aurkeztu dira eta gainerakoak gaztelaniaz.
Euskarako kategoriako epaimahaiko kideek, Igor Estankonak, Fernando Morillok eta Jasone Osorok, onartu dute idazleek arriskatu egin dutela, eta edizio honetan aurkeztu diren 39 ipuinen artetik Ekaitz Goienetxearen Olatuak hausten diren lekua izan da onena.

Horrez gain, lehiaketa honetan aurreneko aldiz, epaimahaiak ematen dituen accesitetako bat ere idazle berarentzat izan da, Zorionak  izeneko ipuinagatik.
Hortaz, Bilboko Udalak lau accesit eman ditu, bakoitza 1.750 eurokoa: Nicolás Matterari eta Matías Candeira de Andrési, gaztelaniako kategorian, eta euskarazkoan Laida Martinezi eta Ekaitz Goienetxeari berari, Zorionak ipuinagatik.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen du urtero; literatur jarduera sustatzea eta idazle berriak plazaratzea, eta aldi berean, Gabriel Aresti (1933-1975) idazle bilbotarraren oroimena eta lana gogoraraztea ditu helburu lehiaketak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button