ARTEA

Paisaiei zor diegun begirunea, Asier Gogortzaren “Autopsiak” argazki erakusketan

Beran, Ikastolako Areto Nagusian, eta abenduaren 19a arte, Asier Gogortzak argazkilariak Autopsiak izeneko argazki erakusketa paratu du. Bost argazki serie bildu ditu autoreak Autopsiak izenburua hartu duen erakusketan, beti ere paisaia eta arkitekturari lotutako irudiekin.

Argazkilariak berak honako testua igorri digu erakusketaren nondik norakoak hobeto azaltzeko: “Grekera zaharretik heldu da autopsia hitza. Euskarazko itzulpen zuzena “norberak ikustea” izanen litzateke, αὐτός (autos, norbera) eta ὄψις (opsis, ikustea). Hildakoaren gorpua behatu, hila dagoela egiaztatu eta heriotzaren kausak aztertzea dira autopsiaren xede nagusiak.
Forenseen lan-metodoa paisaiari aplikatu zaio erakusketa hau osatzen duten bortz argazki multzo desberdinak egiteko orduan. Jendez hustu diren herriak, Berako bordak, Portugalgo tren geltokiak… denbora batean bizi-bizirik zeuden paisaiak hil-hurren edo erabat hilik ailegatu dira gure garaietaraino. Argazkilaria forense begiekin hurbildu da paisaia hoietara, bertara joan, bere begiekin ikusi, benetan hilik ote dauden egiaztatu eta heriotzaren kausei buruzko zantzuak bildu. Mundu zaharretik gordetzen ahal zena gordetzeko helburua du argazki-ekintza honek, gorde aditzaren bi zentzuetan: batetik hondakinak dokumentatu eta katalogatu, eta bertzetik bistatik kendu, estali edo gorde. Izan ere, autopsia egin ondoren maindire xuriz estaliak izan dira hildako paisaiak, hondakinak denen bistan utzi beharrean haien duintasuna babesteko asmoz.
Bertze garai bateko paisaiei zor diegun begirunez agurra egiteko ariketa proposatzen du erakusketa honek, beti gibelera begira ibili beharrean behingoan aitzinera begiratu ahal izateko, horrela bakarrik ikusten ahalko ditugulako sortzen ari diren mundu eta paisaia berriak”.

Asier Gogortzak argazkilariaren webgunean dituzue argazki horietariko batzuk, bai eta bestelako lan batzuk ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button