ESZENA

Hiru dantza ikuskizun programatu ditu astebururako XIV. Dantza Zirkuituak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Sarearen bidez antolatutako ekimena hiru proposamenekin dator asteburuan.

Gipuzkoako agendari dagokionez, Microclimate, Lasala konpainiaren koreografia ikuskizuna eskainiko da Hernaniko Biteri Kultur Etxean, ostegunean, hilaren 27an, 20:00etan.

2013an sortutako Lasala konpainia zuzentzen duen Judith Argomaniz artistak, dantzari eta koreografa moduan ibilbide oparoa eman dion ospea du. Bartzelonako Institut del Teatren eta Madrilgo Maria de Avila Goi Mailako Dantza Kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta azken horretan, kalifikaziorik handiena eta aparteko saria lortu zuen. 2017an, Gipuzkoako Dantza Irakasleen Elkartearen Errebelazio Saria jaso zuen, “koreografiaren eta interpretazioaren munduan duen potentzialagatik eta etorkizun oparoagatik”. Ballet Biarritz Junior eta Amaury Dance Company konpainietan parte hartu du, eta Nacho Duatoren, La Macanaren eta Shlomi Bitton-en obrak interpretatu ditu.

Bere esanetan, “Microclimate obran giro berezia eta pertsonala sortzen da, non iluntasunaren plazera eta behaketaren gozamena nahasten diren, emozioaren oihartzuna lagun dutela”.

Bizkaiko egitarauan jarraituz, Excentrica Produccionesen eskutik, La maldición de los hombres Marlboro koreagorafia ikusteko aukera egongo da larunbata irailak 29an Basauriko Social Antzokian, arratsaldeko 20:30etan. Gizonek sentimenduak adierazteko duten zailtasunaren inguruan gogoeta egitera gonbidatuko gaituen ikuskizuna da,batzuetan era dibertigarrian, bestetan sarkastikoan, baina beti  modu hunkigarrian”.

Isabel Vázquez dantzari eta koreografoak, zenbait sari eskuratu ditu bere ibilbide artistikoan. Hala, ‘Hora de Cierre’ ikuskizunarengatik 2014ko Escenarios Sariketako dantzari eta dantza-ikuskizun onenaren saria; 2014ko Andaluziako Antzerki Sariketako dantza-ikuskizun onenaren eta emakumezko dantza-interpretatzaile hoberenarenak, eta 2014ko PAD Sariketako emakumezko interpretatzaile onenarena, esaterako.

Eta bestetik iaz Leioako Umore Azokan Euskadiko Kale Ikuskizun Onenaren Max Saria eskuratu duen Ertza konpainiaren Meeting Point koreografia ikusteko aukera izango da igandean, irailak 30, 13:00etan, Villabonako Txistulari plazan.

2004an sortu zen Ertza Konpainia  Asier Zabaletaren eskutik eta tailerrak, egonaldiak, sentsibilizazio-programak eta askotariko proiektuak egin ditu orduz geroztik. Hala,  bere obra askok saria lortu dute nazioarteko jaialdietan. Ikuskizun honetan “jendeak topo egiten duen toki horietaz, eta hori gerta dadin gurutzatu behar diren “putzuetaz” eta itxaron behar den denboraz mintzatzen gara”, Zabaletak esaten duenez.

XIV. Dantza Zirkuituaren aurtengo edizioak, 84 emanaldi programatu ditu EAEko 28 agertokitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button