LITERATURA

Han goitik itsasoa ikusten da

Julen Gabiria Han goitik itsasoa ikusten da liburuari buruz berbetan joango da Gernikako Gaztetxera, gaur bertan, arratsaldeko 19:00etan. Musika, film zati batzuk, testuren bat eta mahai-ingurua egingo dute bertan Julenekin.

Urte dezente iragan dira Gabiriak lan hau idatzi zuenetik. Sasoi hartan toki askotan agertu ziren lan honen gaineko erreferentziak. Hau kasurako: “ Nobela hartu eta azalari begiratzen badiozu, pentsa dezakezu kirolari buruzko istorioa irakurtzera zoazela, txirrindularien istorioa hain zuzen. Hasierako nahastea (denbora aurrerantz eta atzerantz,…) gainditu ostean, hasten zara liburuaz gozatzen. Istorio ugari eta pasadizo bitxiak kontatzen ditu idazleak.
Roman Alberdi (Muxikakoa) eta Gino Bartali (Ponte a Emakoa, Toskanan) pertsonaia zentralak izan arren, ez dago protagonista nagusirik, eta Agatha Christieren nobeletan bezala, pertsonaia guztiak zerrenda batean agertzen dira, zalantzan egonez gero, kontsultatu ahal izateko.

Nobelan bi alde bereiztu daitezke. Alde batetik, Euskal Herrian Alberdi familiaren gorabeherak agertzen zaizkigu: aita ziklismo zalea, Astra-Unceta arma fabrikako langilea; ama Gernikako merkatuan ostrukaren luma saltzaile aritua; semea Euskal Herriko Itzulian Gino Bartaliren miresle bihurtuta,… Gerra zibilaren ondorioz, Roman erbestera joango da, Frantziara; hortik eta Alpeetatik, Italiara, Ginoren herriraino.

Beste aldetik, Ponte a Emako herritar bakoitzak faxismoaren aurkako iraultza aurrera eramaten du. Adibidez, Mussolinik gereziak eta mailukiak marikoien kontua direla esanez geroztik, okinak egunero sartzen du gerezi bat ogi batean eta jendea adi egoten da nori tokatuko ote zaion; Fray Ciccillok monasterioan hartzen ditu ezkutuan juduak eta laguntzen die Atorra Beltzengandik alde egiten; Ginok entrenatzera ateratzen denean, tubularrean paper eta pasaporte faltsuak eramaten ditu monasteriora,…”

Ederra da lana, eta denbora iragan den arren gomendatzeko liburua da beti.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button