EZLEKUBAT

“Publikoarekin sintonia ona baldin badago, gozamena da”

Ane Arruti edo Arrutiko Intxaurrak. Zarauztarra da, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Gara egunkarian ari da lanean kulturako gaietan. Ordenagailuko idazkiak musikarekin uztartzen dituen horietariko bat da.

Kantaria, bera eta bere gitarra oholtza gainean topatuko duzu han-hemenka. Bere musikaz, musikarekin duen harremanaz eta beste gauza askori buruz egin dugu berba berarekin.

Zelan egin zenuen salto etxeko musika pribatu horretatik oholtzara?

Lagun artean askotan jotzen nuen gitarra, etxe-giroan, bazkari-osteetan… Baina besteen bertsioak izaten ziren beti. Lankidea dudan Pablo Cabezak animatu ninduen kantu propioak sortzera eta lau abesti nituela konturatu nintzenerako, kontzertua antolatu zidaten Zarauzko Juli-Juli tabernan. Ez nuen ezetz esaten jakin, ezta haren atzetik iristen joan zirenei ere.

Zer giro sortzen da kontzertuetan eta zer sentiarazten dizu publikoaren aurrean jotzeak?

Giroa oso ezberdina da tokiaren eta jendearen arabera. Batzuetan jendea adi-adi eta isilean daukazu begira, sekulako errespetua ematen du horrek. Beste batzuetan, joan-etorriko tokiren batean tokatuz gero, zaila izaten da jendearen arreta zeureganatzea. Baina guztietan berdin jokatzen saiatzen naiz, begira dagoena bakarra bada ere, hainbeste zor diodala uste dut. Hasi aurretik nahiko urduri jartzen naiz baina kantuetan aurrera egin ahala, baretuz eta gozatuz joaten naiz. Publikoarekin sintonia ona baldin badago, gozamena da.

Talde batekin batera jotzeko beharra sentitu duzu inoiz, edo bakardade musikal horretan ondo moldatzen zara?

Momentuz bakarrik nabil, gehien bat, guztia nahiko modu “inprobisatuan” sortu delako. Ikusiko dut nora naraman bide honek. Baina egin ditut froga batzuk bateria-jole batekin, kaxoi flamenkoa jotzen duen beste batekin… Herriko lagun batzuk ere hasi gara biltzen talde bat sortzeko asmotan, baina, aurrera egiten badu, proiektu ezberdin bat izango da hori. Gauza ezberdinak probatzeko gogo handiarekin gaude denok.

Gustatzen zaizkigun kantak era askotakoak dira, intimoak, ironikoak, lagun artekoak… Nola sortzen dira kanta horiek?

Ez naiz oso diziplinatua kantuak egiterako garaian. Normalean doinua, musika sortzen dut lehenengo eta gero hitzak; batzuetan nireak, besteetan lagunei “lapurtutakoak”. Pentsatzen dut aldartearen arabera ateratzen zaizkidala kantuak, umore kutsukoak batzutan, intimoagoak bestetan…

Lehenengo boloak egiten aritu zara, nola ikusten duzu zeure burua euskal musikaren fauna honetan?

Momentuz ez dut meta jakinik. Gustura nabil nabilen moduan eta uste dut, gauzak nola dauden ikusita, zorte handia izan dudala, ez nuen sekula pentsatuko hainbeste kontzertu jotzeko aukera izaterik. Diozun moduan, “euskal musikaren fauna” honetan aukera eta eskaintza izugarria da, estilo guztietakoak, eta goi mailako taldeak asko dira Euskal Herrian.
Nire herrian, Zarautzen, begiratu besterik ez dago. Harri bat altxatu eta talde bat ateratzen zaizu. Hori ere ez dut uste kasualitatea denik. Musika zaletasun handia dago eta giroak berak animatzen zaitu taula gainera igotzera. Ni hasi berri bat baino ez naiz, musika afizio duena eta kantuak sortzearekin eta konpartitzearekin gozatzen duena, eta ezin dut aipatu gabe utzi herriko jendeak, Putzuzulo gaztetxeak edo Arranopola kultur elkarteak eman didaten babesa eta aukera abentura honetan abiatzerako garaian. Eta niri bezala, herriko gainerako talde guztiei. Horrelako ekimenak ezinbestekoak dira musikariek bere etxeko logelatik edo entsegu lokaletik oholtza gainerako pausua egin dezaten.

Disko bat plazaratu zenuen, hurrengo pausuak ildo beretik joango dira?

Lehenengo maketatxoa sei kanturekin grabatu nuen iazko udaberrian. Beste bospasei kantu baditut dagoeneko. Ez dut pentsatu oraindik zer egin, orain edo kantu gehiago ditudanean grabatu, bakarrik edo talde baten laguntzarekin… Auskalo, ez dut presarik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button