LITERATURA

Gaztetxoek ere badute zer irakurri

Eskola sasoia behin amaiturik, udari begira hainbat lan argitaratu dira gaztetxoek zer irakurri izan dezaten.

Gazte handienek bi lanekin gozatu ahalko dute. Lehena hau, Nire alabak ez dauka erremediorik (Elkar). Antxiñe Mendizabal Aranburuk idatzi du, eta  J. Mari Morcillo Borregak kolorezko irudiak jarri dizkio. Lan honetan nerabezaroa jorratzen da modu errealista batean, eta esan daiteke adin horretako neska-mutilentzat propio egina da liburua.
Iratik hamalau urte bete ditu eta, denbora asko ez dela, fundamentu handiko neska zen: esanekoa, arduratsua, adeitsua, atsegina, beti umore oneko… Orain, berriz, arropaz beste aldatzen da aldartez. Izan ere, Iratiren hormonak lozorrotik atera eta bazterrak nahasten hasi dira, etxeko bakea hankaz gora jarriz. Nerabezaroa ez da gaixotasun bat, baina pasa egin behar da. Etxeko guztiek pasa behar izaten dute.

Bigarren proposamen ederra Oihane Fernandez Mendia eta Alex Orbe Ferreiro bikoteak atondu dutena da: Labarreko itsasargia (Elkar). Lan honek Lizardi Saria eskuratu zuen. Marinel eta saregin, itsaslabar eta ekaitz, garai bateko maitasun debekatuen eta itsas abenturen kutsua du istorio eder honek.

Gazteagoek honako tituluak dituzte eskuragai: Bi sagu poltsikoan (Michel Van Zeveren) edo Orkestra lurtarra (Arkaitz Cano eta Jokin Mitxelena), biak ala biak Elkar argitaletxekoak.

Lehen istorio bitxi horrek, haurrek etxetik kanpo lehenengo aldiz joan behar izaten dutenean, izan ohi duten kezka eta beldurra gogoratzen ditu. Eta egileak irudimen handiz proposatzen die haurrei irtenbide bat: beraiek ere ingurukoak zaintzeko gauza badirela ikusaraziko die.

Bigarren ipuinean istorio zoroa irakurriko dute zaleek: Orkestra bat sortu nahi du Manuk, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da. Horrela topatuko ditu Lurrinetti anaiak, bi “t”-rekin, tronpeta jotzeaz gain Presidente izeneko ahuntz bat dutenak, eskailera gainera igotzen dena; Aldika izeneko biolin-jotzaile bat, aldika besapeetan azkura izaten duena; Osoki deritzan triangelu-jolea, bere tresna gainean pausatzen den kardantxilo eta guzti; Crocanti izozki-saltzaile eta kontra-tenorea… Denen artean musikarik zoroena eta zoragarriena sortuko dute, baita hainbat abentura bizi ere, umorez eta irudimenez beteak.

Toti Martinez De Lezeak idatzi eta Juan Luis Landa ilustraturiko Nur protagonista duen beste liburuki bate ere kaleratu da: Nur eta denboraren liburua (Erein).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button