ESZENA

Sagarra hartu, sagarrarekin eta sagarrari dantzatu

Hika Teatrok eta Oinkari Dantza Taldeak musika, antzerkia eta dantza nahastu dute euren azken ikuskizuna borobiltzeko: Sagartu.

Sagartu kale-ikuskizun berria asteburu honetan (uztailak 8, 22:00etan) estreinatuko dute Zarautzeko Kalerki jaialdiaren barruan. Zira horren ostean Alegi (uztailak 16), Amasa-Villabona (uztailak 21), Astigarraga (uztailak 23) eta Aduna (abuztuak 15) herrietan emankizunak egingo dituzte.

Ikuskizun multidisziplinar bizi-bizia izango da, hain gurea den sagarra ardatz hartuta. Obra honen nondik norakoak, honela laburbildu dituzte Hika Teatrok eta Oinkari Dantza Taldeak: “Paradisuko garaietatik datorkigu sagarrarekiko lotura. Jainkoak sagarraren ederra pekatu bihurtu nahi izan zuenetik, alegia. Evak eta Adanek orduko hartan, Jainko guztiei aurre egin eta sagarraren ederra dastatu zuten. Edurne Zuriren amaordeak ere sagarra aukeratu zuen. Sagar gorria, odolaren kolorekoa, Edurne zuriren barrenak pozoitu eta ustez betiko lotan uzteko. Sagar perfektua. Japonian sagastiek distira egiten dute urrutitik. Itsutzeraino. Alumino-paperez babesten dituztelako sagarrak banan-bana eguzkiarengandik. Denak berdinak izan daitezen. Denak gorri. Denak neurri bereko. Denak perfektu. Inork ez ote die esan sagarra, zenbat eta inperfektuago dela ederrago?
Sagarrez lepo gatozkizu. Umorez, alaitasunez eta bizi-bizi, sagarrak gure herrian ez ezik, paradisuko garaietatik hona izan dituen esanahi guztiak plazaratuz.  Sagarra hartu, sagarrarekin eta sagarrari dantzatu. Sagarraz mintzatu, sagarrarekin kantatu, sagarra dastatu, sagarra eragin, sagarrarekin jolastu eta erotu. Sagartu”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button