ARTEA

Bilboargazki programaren VIII. edizioa, urrian

 

Bilboargazki 2014ko programazioa gaur goizean aurkeztu dute, Bilboko Udaletxean, Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Zuzendariak eta Juan Armentia Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidenteak. Garai hauetan ohikoa denez, Bilboargazki programaren VIII. edizioaren nondik norakoak aletu dituzte.
Ekimena urrian gauzatuko da, eta hainbat erakusketa, hitzaldi eta tailer garatuko dira bere barruan.

Iñaki López de Aguiletak nabarmendu du, “argazkigintza komunikatzeko modu unibertsala dela. Aurtengo edizioan, zaletasun batetik abiatuta, irudia arte bilakatu dutenen erakusketak jarriko ditugu Bilbon, guztiak kalitate handikoak”.
Zortzi argazki erakusketa abiatuko dira, hiriko hainbat lekutan urriaren amaierara arte, Bilboargazki 2014 ekimenaren barruan.

Hala, Wang Yao argazkilariaren Unseen Pekin opera izeneko erakusketak zabalduko ditu edizioaren ateak, urriaren 1ean. Wang Yao argazkilari ikusgarria da, eta ospe handia du nazioartean, eta sari ugari eta garrantzitsuak jaso ditu. 

Asier Castroren Lanbroa eta kresalaren artean itsasoko paisaian zentratutako bilduma, UPV/EHU-ko erakusketa aretoan ikusi ahal izango da, urriaren 1etik 31ra.

Luis Pontijasen Siesta baten apetak erakusketa urriko lehen hamabostaldian bisitatu ahal izango da. Egile horrek jaso dituen sarien artean Irungo Hiria Argazki lehiaketaren Ohorezko Saria eta zenbait hilabetetan Gipuzkoako Argazki Gizartea Gizarte Lehiaketan lortutako lehen postua azpimarra daitezke.

Horrekin batera, Zuriñe Unzueta euskal argazkilariaren Begiradak izenburupeko lanez gozatu ahal izango da La Granja kafetegian. Bertan, gure errealitatetik urrun dauden errealitate gogorrak erakusten ditu.
Jon Gorospek Ia-ia beltza zuri-beltzeko bilduma erakutsiko du FNAC-eko erakusketa aretoan, urriaren 22tik aurrera.
Urriaren 1etik aurrera, Argizaiola saria 2014ra aurkeztutako lanen aukeraketa ere ikusi ahalko da. Xabier Mataren argazki irabazlea eta bi accesitak (Oskar Gaskon eta Asier Garagarza). Azkenik, urriko bigarren hamabostaldian, Cesar Azcarate eta Xanti Rodriguezen lanak ikusteko abagunean izango da.

Azkenik, erakusketokin batera, zenbait jarduera paralelo ere antolatu dira. Urriaren 3an eta 4an, Luis Pontijasek saio bat eskainiko du, eta  urriaren 24, 25 eta 26an Xanti Rodriguezek, tailer praktikoa eta teorikoa eskainiko du erretratuari buruz.

Aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoei) zuzendutako argazkigintza hastapeneko ikastaroa errepikatuko da. Urriaren 5ean, goizeko 10:30etik aurrera eskainiko da Bilboko Alondegian.

Informazio guztia: www.bilboargazki.com

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button