ESZENA

Gaur hasiko da BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia

Bilbaoarte zentroan egingo den ¡Que nos quiten lo bailao! izenburuko dokumental garaikidearen emanaldiarekin hasiko da, 19:00etatik aurrera, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren XVII. Edizioa.

Bihar, gainera, beste bi hitzordu izango dira: Coletivo Qualquer euskal konpainiak Gag aurkeztuko du La Fundicion aretoan, 19:00etan, eta Natxo Montero koreografo euskaldunak, halaber, Barbecho ikuskizuna taularatuko du La Merced aretoan.

Hala, antzerki, dantza, performance, bideo-sorkuntza eta abangoardiako ikuskizunekin beteko da BADen programazioa, eta guztira hogei konpainia ingururen azken lanak ikusi ahal izango dira; horietarik 12 estreinaldi eta lau koprodukzio.

Programa potoloaren barruan, azpimarragarriak dira Fernando Leon argentinarraren edo Teatro Errante txiletarren lanak. Edota Patricia Caballeroren dantza proposamen berriak, Cecilia Bengolea eta Francois Chaignaud frantsesenak, Beatriz Setien, Matxalen Bilbao edo Cielo Rasorenak ahaztu barik.

Aurtengo proposamen artean ere euskaraz egindako antzerkia badugu, Lauka Teatroa konpainia gaztearen eskutik: Amodioaren ziega. Xabier Mendigurenen testu batean oinarrituta dago obra, eta Ander Lipusen laguntzarekin ardaztu da ikusgarria.

Horiez gainera, bereziki umeei eta gazteei zuzendutako ekimena ere azpimarratu behar dira. Gaztetxoak arte eszenikoetara hurbiltzea nahi da xede honekin eta era berean, gaztetatik sorkuntzara bultzatzea.

Hortaz, egitarau anitza, hogeita hamar ikuskizun ingururekin, BilbaoArte, La Merced, La Fundicion, Errekalde Aretoa edo Bilborock eszenatokietan ikusgai, urriaren 21etik azaroaren 1era bitartean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button