EZLEKUBAT

Iban Zaldua: “Abiapuntua diskoek izan behar zuten”

Iban Zaldua idazlea ez ezik, musikazale amorratua ere bada. Horren erakusle Nabarra aldizkarian egin ohi dituen disko iruzkinak (azken alean 80ko hamarkadako XTC talde ingelesaren hiru lan aztertu ditu). Bere obra literarioan, gainera, musika erreferentzia nahikotxo aurki daitezke. Oraingoan, bere bi pasioak biltzen dituen liburu bitxi bezain iradokitzailea egitea bururatu zaio gasteiztarrari: Biodiskografiak (Erein). Bertan, bere bizitzan esanguratsuak izan diren 39 disko hartu ditu (azkena ezkutatuta dator, bonus track gisan), eta horien inguruan beste horrenbeste ipuin idatzi, diskoetan ardazten den biografia fikzionatua erdietsiz. Lan interesgarri horren harira, musikaz eta literaturaz solastatu gara autorearekin.

Nola burutatu zitzaizun lan hau taxutzea? Diskoek eragin dituzte ipuinak ala alderantziz?

Aspaldiko proiektua da: mota honetako ipuinen bat argitaratu nuen jada Itzalak bilduman, Los Planetas-en Unidad de desplazamiento albumaren gainean hain zuzen ere; bestalde, maiz egin diet erreferentzia musika kontuei nire aurreko lanetan: nire lehenengo liburuko aurreneko ipuina El año de los Beatles zen, pentsa. Baina biodiskografiak esperimentu independente bat da, eta esperimentuaren abiapuntua diskoek izan behar zuten beti: disko jakin batek iradokitako zerbait, diskoaren historiarekin zer ikusi zuzena eduki ala ez, izango zen beti ipuinaren oinarria, ez aldrebes. Eta horrela aritu naiz iturria agortu arte; Nabarra aldizkariak garai batean eskaini zidan espazioa baliatu nuen esperimentu hori aurrera eramateko, eta orain emaitza bildu, osatu eta atzera landu dut, liburu formapean. Hogeita hemeretzi disko, hogeita hemeretzi ipuin, liburu bat.

Beste eredurik izan duzu buruan?

Ez bereziki. Egiazki, pop kulturaren eta literaturaren arteko harremanak aspaldikoak dira, eta, jakina, kontzienteki edo inkontzienteki, hortik zerbait etorriko zitzaidan; bestalde, hortxe daude Nick Hornby bezalako idazleen lanak, eta, gugandik hurbilago, duela urte gutxi Txuma Murugarrenek argitaratutako kanten gaineko ipuinen eta testuen bilduma. Baina, oro har, ez dut eredu jakinik jarraitu. Hori bai, liburuari azkeneko forma emateko orduan, kronologikoa alegia, rockaren entziklopedia askoren eskema hartu dut kontuan: mota horretako liburuen bildumatzailea naiz, eta hori nabaritzen dela iruditzen zait.

Hasieran buruan zeneukan lana eta amaierakoa antzekoak suertatu dira?

Fase ezberdinetatik pasatu naiz: une batzuetan musikaren historiaren gertakizunekin (diskoen istorioekin) zer ikusi gehiago izango zuela uste nuen, beste batzuetan nire nolabaiteko autobiografia batetik hurbilago ibiliko zela… Azkenean, ez bata ez bestea, ipuin liburu nahiko konbentzionala atera zait, fikzioez osatutako bilduma bat.

Nolabait, lan hau zure biografia musikatua dela esan daiteke, ados zaude? Zenbat du biografiatik eta zenbat fikziotik? Diskoen aukeraketa bera nahikoa autobiografikoa dela ematen du.

Uste dut lehenago erantzun diodala galdera honi, zeharka bada ere: bai eta ez. Diskoen aukeraketa, halabeharrez, oso autobiografikoa da, eta horregatik dira nagusi, ziurrenik, 80ko hamarraldikoak, hots, nire nerabezaro-gaztaroarekin bat egin zutenak. Baina nire bizitzako osagai eta oroitzapen batzuk islatzen diren arren, ez nuke esango liburu hau nire beste batzuk baino askoz ere autobiografikoagoa denik, pixka bat autobiografikoagoa izan badaiteke ere: diskoak, zer esanik ez, nire bizitzaren parte dira jada. Azken finean, nik fikzioa behar dut, besteak beste, memoria txarra dudalako eta nire bizitza, berez, ez zaidalako interesgarriegia iruditzen, bere horretan behintzat. Gainera, bizitzak, fikzioak ez bezala, ez dauka zentzu askorik. Fikzioa erabiltzea bizitzari, edo, hobe esanda, gure bizitza ezberdinei zentzu-dosiren bat txertatzeko modua izan daiteke. Alde horretatik, denetik dago hemen: errealismotik hurbilago egon daitezkeen narrazioak, literatura fantastikoaren eremuan bete-betean sartzen direnak, karga sinbolikoa izan dezaketenak, oroitzapen faltsuak… nire ipuin liburu gehienetan aurki daitezkeen osagaiak, alegia.

Asko gustatu zait Nick Drake-ren Pink Moon-ena. Errealitateko gertakari bat hartu duzu, alegia, autoaren iragarkiarena, hortik fikzioa sortzeko. Agian, errealitatetik gertuen dauden istorioak dira ezusteko gutxien ematen dutenak. Esaterako, musika zaleen ohiko eztabaidak islatzen dituztenak, zein den taldearen diskorik onena eta horrelakoak… ados zaude?

Bueno, bizitzak ezusteko gutxi ematen du, behin pixka bat ezagutzen eta leitzen hasita… Ipuin errealistetan, eta, are gehiago, txekhovtarretan, zeinetan nolabaiteko tranche de vie bat irudikatu nahi izan ohi den, ez da horren ohikoa ezustearekin jolastea, ipuinari dentsitatea eta tentsioa emateko modua beste bat da halabeharrez… lortzen oso zaila izaten den zerbait, bide batez esanda. Edonola ere, musikazaleen arteko eztabaidek (batzuetan ergel samarrek) nahita nahiez agertu behar zuten mota honetako liburuan, musikazaleok denbora dezente xahutzen dugulako halako arinkerietan, bizitza eramangarriago egiten duten heinean…

Deigarria da 80ko hamarkadakoak direla disko gehienak, eta tarte horretan gehienak after-punk ingelesekoak (REM salbu, oker ez banago). Ez duzu Amerikako Estatu Batuetako 80ko urteetako disko kutunik?

Bai, jakina, asko bururatzen zaizkit: Dream Syndicate-ren The Days of Wine and Roses, The Smithereens-en Green Thoughts, Rain Parade-ren Emergency Third Rail Power Trip, Chris Isaak-en lehenengo hirurak, Suzanne Vegaren bigarrena, Michelle Shocked-en Short, Sharp, Shocked! (Euskaldun guztion aberria nobelan “erabili” nuena, nolabait), Prince-ren Around The World In A Day, Bruce Springsteen-en Tunnel of Love (pasio aitorgaitz horietako bat)… Baina, alde batetik, egia da britishzaleagoa naizela, musika aldetik, amerikazalea baino, eta, bestetik, nire lan metodoan diskoa ez nuen propio aukeratzen, baizik eta edozein diskok une jakin batean iradokitzen zidana hartzen nuela abiapuntutzat, eta aipatu dizkizudan disko horiek, eta jatorri estatubatuarreko beste batzuek, dena delakoagatik, ez zuten efektu hori izan nigan une jakin horietan. Izan ere, REM-en Reckoning izan zen zerrendan sartzera “behartu” nuen bakarrenetakoa, hain zuzen ere hutsune hori nabaritzen nuelako, eta disko hori inportantea izan zelako niretzako, zeure kabuz egiten dituzun deskubrimendu horietakoa izan zelako, hots, besteen gomendioak jarraitu gabe egindakoa, The Chameleons-ekin edo The Smiths-ekin gertatu zitzaidan bezala…

Era berean, deigarria egin zait, disko klasiko gutxi jarri dituzula, Beatles salbu ez dira inondik agertzen Rolling Stones, Velvet, Beach Boys (zeharka aipatuta agertzen dira)… M-ak taldeak esaten zuenez dinosauroak akatu behar dira?

Ez, bueno, Beach Boys esango nuke zeharka baino gehiago aipatuta daudela, Brian Wilson-en Smile Beach Boysen disko amaitu gabe (eta famatu) baten berreraikitze ahalegina den neurrian… Baina, tira, egia da nik Beatles/Stones dikotomian, argi egiten dudala lehenengoen alde (gainera, Stonesak, onartu behar da, singleen taldea da, ez hainbeste albumena…), eta The Velvet Underground, asko miresten dudana, oso berandu deskubritu nituela, nire zoritxarrerako. Oso liburu pop-a da, azken finean; ni pop-zalea naiz, rock-zalea baino. Dena dela, The Kinks daude, konpentsatzeko, eta baita niretzat nahiko klasiko (eta batez ere dinosauriko) diren Deep Purple, Led Zeppelin, Pink Floyd edo Genesis ere…

M-ak taldearen harira, musika beltz gutxi nabaritzen dut. Esaterako, ez dago soul diskorik… agian soul-ena zurean, Paul Weller?

Bai, ez dago batere, egia da. Baina nire diskotekan ere gutxi dira, Velvetekin gertatu bezala, berandu hasi naizelako beltzen soinu ezberdinekin interesatzen (soula, funka, Motown…). Ez dut uste Paul Weller-ekin hutsune hori konpentsatzera iritsiko naizenik. Baina, berriro diot, nire helburua ez zen pop-rockaren historiako hogeita hemeretzi album onenen edo ezinbestekoen zerrenda bat osatzea (horretara jarrita bertan aipatu ditudan album batzuk ez nituzkeen sartuko, ziurrenik), baizik eta diskoetatik, nik neuk guztiz kontrolatzen ez nuen mekanismo baten bitartez, ipuinak sortzen joatea…

Zein disko utzi duzu liburutik kanpo penaz? Eta zein sartuko zenuke orain?

Bueno, atzera azpimarratu nahi dut Biodiskografiak, funtsean, lan literario bat dela, ez musikal-entziklopedikoa, eta, iradoki bezala, ipuinak idazteko metodoan inplizitua zegoen ez nuela mota horretako aukeraketarik egingo (salbuespenak salbuespen, kar kar kar), eta, beraz, penarik edo damurik ez dut sentitu: derrigor geratu behar ziren maite ditudan album asko zerrendatik kanpo. Baina, tira, egoera ideal batean, hots, diskoetatik istorioak ateratzeko erraztasun handiagoa izan banu, edo iturria agortu izan ez balitzait, The B’52-s taldearen lehenengoa hartuko nukeen gustura hizpidetzat, edo Billy Bragg-en bat edo beste, The Who-ren A Quick One edo Sell Out, Talking Heads-en lehenengo lauetako edozein, Joy Division-enak (zeharka agertzen direnak, dena den…), The Durutti Column-enak, Stranglers-en batzuk, Fischer Z-ren Going Deaf For A Living, Sun Kil Moon-enak… Hots, pilo bat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button