LITERATURA

“BilbaoPoesia” jaialdia Blas de Oterori omenaldia eginez hasiko da gaur

Berriz aireratu goiburuarekin abiatuko da gaur BilbaoPoesia jaialdia, martxoaren  24ra bitartean luzatuko dena.

Urtero gertatzen den bezala, Bilbo poesiaz beteko da martxoan (aurten 15etik 24ra arte) Bidebarrieta Liburutegian ospatuko den BilbaoPoesia Literatur Jaialdiaren XXII. edizioa dela-eta. Jaialdi hau Berriz aireratu lemapean abiatuko da aurten, “tokiko kulturari babes emateko egungo egoeran sektorerik zigortuenetakoa izan baita”. Hori dela eta, jaialdian parte hartuko duten izenen artean, hemengo talentua nabarmentzen da gehienbat.

Eta diogun bezala, BilbaoPoesia jaialdiak gaur zabalduko ditu bere ateak, Blas de Otero (Bilbo, 1916) jaio zeneko urteurrenean. Lehenengo hitzordu honetan, Mediobiografia goiburuarekin, irakurraldi berezia programatu da. Emilio Gutierrez Cabak egingo du, Cecilia Lavilla Berganzak lagundurik eta Miguel Ituarte getxotarrak pianoa joko duelarik.
Hilaren 16an, Abere ba Ulu ala ele musikaz lagundutako poesia errezitaldiaren txanda izango da: Bigarak (Itziar Aranburu eta Jon Ander García), Amorantek eta Okene Abregok parte hartuko dute. Hurrengo egunean, Manuel Vilas, Karmelo Iribarren eta Juanra Madariaga izango dira protagonista Reencuentros izeneko ekitaldian. Martxoaren 18an, Rosana Acquaroni eta Isabel Bono poetak bilduko dira.
Martxoaren 20an, hitzordu ederra izango da. Udane Goikoetxea kazetariaren agindupean Marta Sanz eta Bernardo Atxaga elkartuko dira gai kurioso baten inguruan: ahateak eta katuak, katuak eta ahateak. Jou Gonzalez musikariak inprobisazioak egingo ditu poemen artean.

Martxoaren 22an, Leire Bilbao, Itziar Minguez, Beatriz Chivite eta Julia Piera poetak elkartuko dira. Guztiek hainbat sari jas dituzte. Martxoaren 23an, Loraldiarekin elkarlanean, Gaztelondo zer berri. Etxahun ikusgarria eskainiko da, Mikel Etxekoparren musikarekin, Dominika Rekalten testuarekin eta ahotsarekin, Pierre Vissler-en soinu grabazioekin eta Jean Christian Galtxetabururen perkusioekin.

Azkenik, martxoaren 24an, Jose Fernandez de la Sota bere azken liburuko poemak irakurriko ditu Jose Luis Canal piano jotzaileak lagunduta.

Literaturarekin batera musika izango da beste protagonista bat, eta hor, Izaroren kontzertua nabarmenduko dugu, martxoaren 21ean, Poesiaren Munduko Egunarekin bat eginez.

Programazioaren gaineko xehetasunak, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button