LITERATURA

Paddy Rekaldek “Spray” poema liburua kaleratu du

Susa argitaletxeak Paddy Rekalderen Spray poema liburu berriaren aurkezpen ekitaldia egin zuen atzo Donostiako Udal Liburutegiaren sotoan.

Spray
du izenburua Paddy Rekalderen poema liburu berriak. Atariko kantuan poetak gaztigatzen digu memoria garela, inoiz ixten ez den oroitzapen bilduma bat, zer garen zehazten digun akordu meta.
Eta ondoko gogorapenetan hiru gai hartzen ditu ardatz, tartekatuta agertzeko liburu osoan barrena: maitasuna eta maitaketa, gerra eta borroka, musika eta literatura.

Bere hitzetan “…barrenak ikara batean jarriko dizkizun poesia” egiten saiatu da, “emozionatuko zaituena. Poesia irakurri eta arnasaren eten moduko bat sentitzea bilatzen dut, haserrea dela-eta, gozotasuna dela-eta, amodioa dela-eta, plazera dela-eta… Baina behintzat zerbait sentitzea; ez geratzea poemaren amaieran hasieran bezala».

Spray atzo aurkeztuko zen jendaurrean, baina hemen dituzue bildumako hamar poema. Horietariko bat poema hunkigarri hau da,

Irail Urrunen Oroitzapenak

samatik pasatu nion dutxako ur epela
eta handik bizkarrera, gerrira eta izterretara,
berriro gora eta bular aldera bideratu nion,
handik isuri zen, bular aspaldi hustuetatik,
erreka otzan baten moduan, sabel aldera

berak esku ahurrez ura hartu
eta behin eta berriro
aurpegira eraman zuen,

gozo zegoela esan zidan niri begira,
eskertu egiten zuela freskura hori,
egun hartako sargoriak eragindako izerdiaz libratzea

bainurako xaboiaz esponja busti ostean
astiro eta leun laztandu nion azala
eta horrela goitik behera luze egin ondoren
lepo bustian musukatu nuen,
berak begiak bildu eta eskua bilatzen zidan bitartean
irail urrunen oroitzapen gozoak ekarriko zituen akordura,
masusta helduak, txakolin freskoa
eta maitearen ezpainak…

dantzarako kanta zahar baten doinua hasi zuen ahapetik
esponjaz laztandu eta berriro musukatu nuen saman,
herioak eraman baino lehenago,
gure aita zenak egingo zion bezala.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button