LITERATURA

Uxue Alberdiren “Opariak” ipuina opari

Uxue Alberdiren Euli-Giro ipuin liburua urriaren 3an aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984), bertsolari, literatura tailerretako irakasle, artikulugile, itzultzaile, eta hainbat literatura lan ederren egilea da: Aulki bat elurretan (Elkar, 2007), Aulki jokoa (Elkar, 2009) eta abar. Eta diogun bezala, laster batean Euli-giro izeneko bere azken lanak ikusiko du argia.

Aurrerapen gisa, liburuko bigarren ipuina, Opariak izenekoa, irakurtzeko eskaini du Susak bere webgunean.

Opariak

Erretegian oilaskoak jaso eta bagoaz. Hiru aldiz esan diot Trukori ez dela egun egokia, baina gaur behar omen du.

        — Ama zain dago —argitu dit.

        Hogeita hamasei gradu markatzen ditu termometroak. Eskuan daramatzat ekografiak, urtu beharrean. Inoiz pentsatu izan dut sabelean daramadana ere urtu litekeela, zuria beltzarekin nahastu eta ez dela ezer geratuko: masa gris bat.

        Hamar minutu dira Bilbo atzean utzi dugula, eta dagoeneko autoan oilasko-usain beroa zabaldu da. Sudurrera eraman dut eskua baina tripak gora datoz. Lepoa atzera bota eta loak hartzen saiatu naiz, ea azkar iristen garen. 110 kilometro orduko abiaduran goaz Altzaterantz, Trukoren jaiotetxera. Polikiago gidatzen du haurdun nagoenetik. Eta isilik. Ama zain dago, ez du besterik esan.

        Ekografietako mamuak zakila duela ospatzera goaz Altzatera. Horregatik oilaskoak maletategian. 260 gramoko pisua du fetuak, baina nik irabaziak ditut sei kilo.

        Hogeigarren asteko ekografia egitera joan ginenean honela esan zigun erizainak:

        — Zakilik ez badu, neskatoa da.

        Ohatilan etzanda, burua sabel hanpatuaren parera altxatu eta galdetu nion:

        — Munduaren erdia deskartez identifikatu behar ez izateko, ezinezkoa al da ekografia bidez alua bistaratzea.

        — Zer?

        — Ezer ez.

(Segi irakurtzen)

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button