EZLEKUBAT

Belako: Beleak karranka egiten duenean…

Agian, euskal panorama musikala iraultzatu dutela gehiegi esatea da, baina ostikada galanta eman diote. Ian Curtis bere hilobitik ateratzeko adinako zartako zuzenak plazaratzen dituzte han eta hemen, gaztetasunak ematen duen kemen malenkoniatsuari eutsiz.
Mungiako lau bele hauek habia utzi berri dute, haizeak nora eramango hegan, txokoren batean atseden hartu, karranka egin eta izandakoaren arrastoak luzaroan jarraitzen die. Taula gainean ez dira lau gazte, ez dira lau instrumentista trebe, ezta lau animalia sutsu ere, Belako dira soilik. 

Nola, non eta zein helbururekin sortu zen taldea?

Hasiera batean, Josu Ximun (kitarra, baxua, teklatua eta ahotsa) eta Lore (baxua, teklatua eta ahotsa), neba-arrebak, beste lagun batekin (Ibon) talde bat sortu nahian elkartu ziren, musikaz gozatzeko asmo bakarraz. Hilabete batzuen ondoren, Crisek Josurekin egin zuen topo unibertsitatean, eta taldean sartzen animatu zen. Taldea lehen aldiz 2011ko maiatzaren 15ean elkartu zen, metalurgia-lantegi zahar batean. Handik hilabetera, lehenbiziko kontzertua (joan den urtean) eman genuenetik hona, asmoa musikarekin esperimentatzea eta gustukoak ditugun doinuekin gozatzea izan da.

Izenburua bera…. Mungiako industrialdeatik dator ala belea hitzaren jokua ere bada? Non entseatzen duzue?

Izenburua, Mungiako Belako auzo-aldetik dator. Josu eta Lore-ren aitxitxerena izan zen bertako lantegi zahar batean egiten ditugu entseguak, egun. Belako hitzaren jatorria ere “Bele” -tik dator eta “sko” atzizkia, Bizkaian batzuetan txikia adierazteko erabiltzen dena, beraz, bele txikia ere hor dago.

Zuen musikaz gozatzeko aukera izan duenak imajina lezake nongo iturrietatik edaten duzuen, hala ere, bota honakoan, zein musika mota duzuen gustukoen?

Joy Division, Sonic Youth, Radiohead, Cristal Castles… bezalako musika taldeak gustukoak ditugu; hala ere, entzun, beste asko eta asko, folk-etik minimalera, musika zaletuak garen heinean, denetik irensten dugu. Musika elektronikoan ematen diren pausu eta nobedadeak ere jarraitzen ditugu. Tokatzen zaiguna dela uste dugu.

Zerbait aldatu al da Gaztea maketa lehiaketa irabazi ostean?

Aldaketa, batez ere, erantzukizunaren aldetik etorri da, beharbada, ordurarte, kontzertuak ondo pasatzeko besterik ez dira izan, baina Gaztea lehiaketaren ondorioz, ezagunagoak garela konturatu gara eta horrek konpromiso gehiago ekarri du. Irratian gure abestia behin eta berriz entzutean eta BBK-Live-eko kontzertuaren ondoren, jende gehiago arduratu da gutaz eta oihartzun handiagoa izan dugu. Sariaren dirua ere oso ondo etorri da, ganorazko instrumentuak lortzeko.

Agian, Julio Ruiz-en “Disco Grande” saioko 3. sariak bultzada handiagoa eman dio taldeari…

Agian, bai, bultzakada hori zabalagoa izan delako batik bat, Julio Ruiz bezalako aditu baten eskutik Madrilen erreferentziak izatea guztiz ireki digu panorama, baina Gaztea-koa nahiz eta geroago etorri, Euskal Herri mailan eragin nabarmena izan du, eta hori ere eskertzekoa da, BBK-live batean jotzeak ….

Aditu askoren ustez, 2012ko ezusteko talde nabarmenena zarete….zer deritzozue?

Hori askotxo esatea da, hasi baino ez gara egin eta, oraindik, nondik norakoa ere ez dugu zehatz finkatu. Baina pozten gaitu holako gauzak entzuteak. Euskal Herrian musikari apartak daude eta talde berri eta ezberdinak sortzen ari dira, saltsa aberasteko.

Post-punkaren doinuak zuenak egin dituzue… doinu ilunetan gustura? zergatik estilo musikal partikular hori?

Etxean entzundako gauzen artean estilo hori ere bertan izan da eta martxan hasteko, guretzat, errazago eta hurbilago egingo zitzaigula uste genuen. Dena den, badira abesti alaiagoak edo dantzagarriagoak, kanon ohietatik ihes doazenak, eta nahaste horretan gustura mugitzen gara oraingoz.

Zuzenekoak gustuko dituzue, zuzenekoetan bereganatzen dituzue zaleak, jendearen aurrean, agertokian… nolakoak dira zuen zuzenekoak inoiz zuen kontzerturen batean egon ez den gizagaixo batentzat?

Zuzenekoa ederrena izaten da, tentsio gehien sortzen duena baina disfrutatzeko une ederrenak ekartzen dituena ere bai. Oraindik ez dira asko emandako zuzenekoak, eta batetik bestera beti daukagu aldaketaren bat. Azkenak, Kafe Antzokikoa (Bilbon) eta ProZarautz-ekoa, kristonak izan ziren, giroa ederra, eta nahiz eta agertokira urduri irten, bukaerarako topean geundenez, kosta egiten zitzaigun agertokitik jaistea. Ondorengoa jendearekin egotea izaten da eta dena ondo atera bada, horrek ez dauka ordaintzekorik.

Inoiz gure kontzerturen batean egon ez den batentzat… gure kontzertuak energikoak direla esaten dute eta eszenatoki gainean itxura ona ematen dugula, beharbada, ileak gora eta behera dabiltzalako eta gure artean uneoro instrumentuz aldatzen gabiltzalako. Mugimendua bada, behintzat.

Belakok izan duen arrakasta non bukatuko da, zigilu independiente batean, beharbada… nola ikusten duzue etorkizuna?

Oraindik nahiko gazteak gara, eta ikasten hari garenez, astiro joateko ustea dugu, egia esan ez dugu gehiegi pentsatu nahi horretan. Gure hurrengo urratsa diskoa grabatzea dela badakigu eta aritu gara bai horretan, GAUA estudioetan. Josu eta Cris, atzerrian bost hilabetez -Erasmusen- daudenez, agian, urtarrilerako edo otsailerako diskoa kalean egon liteke eta horrek beste aldaketa eta zer pentsa ekarriko dizkigu epe laburrean.

Zine eta bideo ekoizpenak, Arte Ederrak eta matematikak dituzte buruan, musikak haien garunen hutsuneak betetzen dituzten arren. Gazteak eta helduak dira era berean, helduak eta karrankak, karrankak eta Uribe-butroeko ekaitzaren orroak, ziklogenesia…. izan erne lagun!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button