IKUS-ENTZUN

“Ezezaguna, zinema eta zientzia”

Bihar, hilak 16, hasiko da Ezezaguna, zinema eta zientzia izeneko zikloa Tabakaleran. Ginés Morata zientzialariak emango duen hitzaldiarekin hasiko da egitaraua: La biología del siglo XXI. Implicaciones sociales de la manipulación de la información genética. Ekitaldia 18:30ean izango da.

Halaber, zikloaren baitan eskainiko den lehenengo zine-emanaldia ostegunean izango da, Tabakaleran, 19:00etatik aurrera. Egun horretan Stanley Kubrick-en 2001: A Space Odyssey ikusi ahalko da. 1968an, zinemaren historiako film moderno eta arriskutsuenaz etorri zen Kubrick: 2001: A Space Odyssey. Zientzia-fikzio film horretan gizakiaren etorkizuneko eboluzioa kontatzen da. Filma zinemaren historiako pelikularik onenen artean kokatu ohi da, Kubrickek beragatik jaso zuen Oskar saria.

Ezezaguna, zinema eta zientzia Donostian eta Bilbon garatuko da. Hala, Bilboko Arte Ederren Museoan, larunbatean, Kubricken maisulana berriro ikusteko parada izango da, 19:00etatik aurrera.

Zientzia eta zine uztartzen dituen egitaraua martxoaren 30era arte luzatuko da, eta bertan ondoko filmak pantailaratuko dira, besteak beste: The Incredible Shrinking Man (Jack Arnold, 1957); Fantastic Voyage (Richard Fleischer, 1966); A.I. Artificial Intelligence (Steven Spielberg, 2001), Ex Machina (Alex Garland, 2014) edo Bang! Bang Zine Bikoitza zikloaren baitan egingo den emanaldi bikoitza, Bilboko Arte Ederren Museoan, 19:00etan: Blade Runner (Ridley Scott, 1982) eta Blade Runner 2049 (Denis Villeneuve, 2017).

Horrekin batera, hitzaldiak eta mahai-inguruak ere izango dira; tartean, Euskal Herriko Unibertsitateko kide Ana Zubiagak emango duen Zaude lasai, guztiok gara mosaiko genetikoak-eta. Hitzaldi hori otsailaren 20an egingo da, Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian, 19:00etan.

Zikloa Euskadiko Filmategiak ondu du. Informazio gehiago: filmotecavasca.com.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button