IKUS-ENTZUN

“Seoul Station” animaziozko filmak eskuratu du Fant jaialdiaren sari nagusia

Yeon Sang-Ho zinegile korearraren Seoul Station animaziozko film luzeak lortu du Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 2017ko Film Hoberenaren Saria.

Film Labur Hoberenaren Saria, berriz, David Ullothen La Voce pelikulak jaso du eta Euskal Film Labur Hoberenaren Saria Mar Gonzalez Ruizen Bestealdetik. Zinemaldiko ikus-entzuleen aburuz, Film Labur Hoberena Julian Merinoren The App izan da. 

Fant jaialdiko epaimahaiak Seoul Station hautatu du “animazioaren estereotipoetatik irteteagatik eta pertsonaiak erabat gizatiar bilakatzeagatik”. Filma Seul hiriko geltoki zentralean garatzen da: “Gauez eskaleentzako bizileku bilakatzen da. Bitartean, neska batek mutil-lagunarekin moztu eta babeslekua bilatuko du geltokian, baina zonbi bilakatutako eskale taldea baino ez du aurkituko bertan”.

Film Labur Hoberenaren sari jaso duen Kanadako La Voce lanaren harira, hauxe esan du epaimahaiak: “soinuaren, musikaren eta irudiaren bitartez protagonisten hipersentsibilitatea deskribatzeko, eta pentsa ezin daitezkeen lekuetan ere edertasuna aurkitzeko moduarengatik (aukeratu da)”.

Amaitzeko, Euskal Film Labur Hoberena jaso duen Bestealdetik lana dela eta, epaimahaiak pelikularen “estetika arriskutsua” nabarmendu du, baita “antzezle baten begirada hutsaren bitartez, biziaren amaiera bezalako zerbait transmititzeko duen gaitasuna” ere.

Informazio gehiago: fantbilbao.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button