LITERATURA

Alberto Ladron Aranak “Zer barkaturik ez” kaleratu du

Iruñeako egilea polizi eleberri batekin dator berriz ere: Zer barkaturik ez, gaurko Iruñean Ukrainako mafiak, II. Mundu Gerrako judu eta naziak eta beste hainbat osagai biltzen dituen intrigazko lana.

Intriga eta suspentsea, hori baitira bere gustuko amarruak: “Etengabeko suspentsea lortzea dut helburu nire nobeletan: lehen kapituluan irakurlearen arreta harrapatu eta kapituluz kapitulu suspentse horri eustea… eta ahal bada, azken kapituluan kolpe edo ustegabe txiki bat ematea ere. Nire ustez, irakurleek biziki estimatzen dituzte sorpresa horiek.
Hori lortzeko informazioa neurtzea da teknika nagusia, gauza bat argitu eta beste hamaika ezkutatu, irakurleak istorioaren une horretan zer nolako hipotesiak egin ditzakeen asmatu eta horiekin jolastu… eta irakurlea engainatzen saiatu.
Suspentse eta nobela beltzaren generoan, hainbat egile ditut gustuko: Patricia Highsmith, Henning Mankell, Ian Rankin, Harlan Coben, Dennis Lehane, James Ellroy…”

Lanean hauxe kontatzen zaigu: Bolada txarra darama Mikel Izuk. Andreak utzi zuen, lanean ez da agertzen depresioagatik, bere anaia Julenen alprojakeriak jasan behar ditu… Hain zuzen, anaiaren etxean behatz moztu eta odoldu bat aurkitzen duenean hasiko dira gauzak are gehiago okertzen eta aldrebesten. Saltsa loditzeko, beste hainbat osagai: Andaluziatik datorren neska pinpirin bat, II. Mundu Gerra garaiko mugaldeko abentura ahantzi bat, senar jeloskor bat, naziak eta juduak, drogatrafikoan sartutako ukrainarrak, nora ezean dabiltzan foruzainak…

Egilelak, ohi duenez, maisutasunez ondu du polizi eleberri hau, protagonistaren gorabeherak eta misterioaren hari ezkutuak idazkera arin eta erritmo biziarekin josiz.
Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1967). Maisu eta psikologia ikasketak egina, misteriozko eleberrien egile arrakastatsua: Xake Mate, Eguzki beltzaren sekretua, Arotzaren eskuak, Ahaztuen mendekua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button