ARTEA

Lurreko espezieen arteko erlazioaz

Azkuna Zentroak Zientzia frikzioa. Bizitza espezie lagunen artean izeneko erakusketa bidean jarri du. Maria Ptqk kritika eta ikertzaile kulturalak komisariatu du, eta CCCB-Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroarekin batera ekoitzi da.

Erakusketaren funtsa ebidentzia zientifikoa da, “naturan ez dagoela organismo autonomo edo independenterik, baizik eta lurreko espezie guztiak harreman sinbiotiko eta interdependenteen bidez lotuta daudela, lankidetza, mutazio eta elkartrukeen sare bat osatuz, non lankide gisa bizi garen. Horrek zalantzan jartzen du giza nagusitasuna, natura osoa eta izaki bizidun guztiak gure ongizatearen zerbitzura dauden ideia”.

Kultura zientifiko garaikidean maisu diren Donna Haraway eta Lynn Margulis adituen lanean oinarrituta, mundu osoko hogei bat sortzaile, pentsalari eta zientzialariren lan artistiko eta dibulgazio-piezen bidez osatu da erakusketa: Shoshanah Dubiner, David Domingo, Rubén Duro Pérez, John Feldman, Petra Maitz, Dominique Koch, Susana Talayero, Maria Sibylla Merian, Gustafsson & Haapoja, Richard Pell, Mary Maggic, Museo del Hongo, Saša Spačal, Pinar Yoldas, Diana Toucedo, Marley Jarvis, Laurel Hiebert, Kira Treibergs, eta Ernesto Casero.

Erakusketa honek “funtsezko paradigma-aldaketa baten aurrean kokatzen gaitu: gizakia goi mailakoa delako pentsamendua haustea eta espezieen bizikidetza planteatzea. Antropozentrismotik biozentrismorako trantsizio horrek erakusketa osoa zeharkatzen du pinturaren, marrazketaren, ikus-entzunezko, soinuzko eta errealitate birtualeko instalazio murgiltzaileen, ehungintzako artelanen, literaturaren edo abangoardiako zinemaren bitartez.”

Erakusketaren izenburuak (Zientzia Frikzioak) zentzu bikoitza dauka. “Alde batetik, bizitza mihiztadura sinbiotiko handi bat bezala ikustetik eratorritako tirabirak aipatzen ditu, eta, bestetik, beste zientzia batzuk asmatzeko premia aipatzen du frikzioak, istorio fabulatorio edo espekulatiboak, imajina daitekeena zabaldu eta espezieen arteko paradigma emergentean kokatzen lagunduko digutenak.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button