ARTEA

Euskal artearen sistema indartzeko xedez, “Komisario Berriak” egitasmoa

Gaur goizean, Azkuna Zentroak Garazi Ansa, Marc Badal eta Laura Vallésen komisariotza-lanekin osaturiko Komisario Berriak izeneko erakusketa aurkeztu du. Proposamena irailaren 19tik azaroaren 17ra arte egongo da zabalik Azkuna Zentroko BAT espazioan, Lantegia 2n. Prentsaurrekoan Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Fernando Perez Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaoko zuzendaria, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria, eta edizio honetan parte hartzen duten artista bi, Marc Badal eta Laura Vallés, izan dira.

Komisario Berriak egitasmoaren bigarren erakusketa hori, “komisariotza-praktika euskal ingurunean garatzeko eta alor horretan profesional berriak sendotzeko helburuarekin” jaio da,  eta “azken hamarkadetan Euskal Herriari lotutako jarduera artistikoen inguruan egin diren ikerketa-proposamenak ikustaraztea” bultzatu nahi du.
Proiektua, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak adierazi duen bezala, “oso garrantzizkoa da, alde batetik, Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao, CCI Tabakalera (Donostia) eta Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa (Gasteiz) bateratzen dituelako, eta haien arteko elkarkidetza lotuago bat lortzen duelako, eta batez ere, euskal artearen sistema bultzatu eta indartu egiten duelako”.

Gaur goizean aurkeztu den proiektua “komisarioaren lanaren dimentsio historiko eta narratiboaren garrantzia kontuan hartzen duten lanekin” abiaraziko dute, eta horren ondorioz, hiru alor ezberdin hartuko ditu: Garazi Ansak (Oiartzun, 1989), Marc Badalek (Bartzelona, 1976) eta Laura Vallések (Castello, 1984) proposaturikoak.

Azkunak Zentroko adituek esan duten bezala, “Garazi Ansaren ikerketak artearen eta aktibismoaren arteko harremanak berraztertzea proposatzen du, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran mugimendu feministak Euskal Herrian egindako lanaren eta artisten praktikekin dituen harremanen ikuspegitik”.

Marc Badalek Deserrotzearen baldintzak (Vicente Ameztoyren lanetik abiatuta) proposatuko du, urbanismotik mundu ruralera egiten den begiradari kritika planteatzeko. Hortaz, “naturaren eta landa-ingurunearen idealizazioa kanon kultural modura” aztertuko du, Vicente Ameztoyk egindako margolan berezi batzuetatik (artelan batzuetan giza landare irudi aztoragarri batzuk agertzen dira gizarte industrialaren berezko elementuekin nahasturik), eta aipaturiko artistaren familiarekin izandako elkarrizketetatik abiaturik.

Azkenik, Laura Vallések Zehar (Artelekuren garaikoa) eta Arena (Sevilla) argitalpenen “jarrera kritikoetara eta jarduteko moduetara hurbiltzea planteatzen du, arte garaikidearen teoriatik eta kritikatik abiatuz”. Espainiako estatuan laurogeiko hamarraldiak emandakoa arte garaikidearen teoria eta kritikaren esparrutik aztertzeko funtsezko argitalpenak dira biak ala biak.

Diogun bezala, Komisario Berriak-en bigarren erakusketa ostegun honetan, irailak 19, inauguratuko da.

Informazio guztia, Azkuna Zentroak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button