EZLEKUBAT

Mulatu Astatkeren ethio-jazza Elorrion

Etiopiako jazz musikari ezagunak bihar, uztailak 22, Elorrioko herriko plazan joko du. Emanaldia Musikaire kultur zikloaren baitan dago. Mulatu Astatke Etiopiako musikari ezagunenetakoa da, 60ko eta 70eko hamarkadetan jazz musikaren abangoardia Etiopiako sustraiekin uztartzeagatik egin zen ezagun. Iaz Donostiako Jazzaldian izan zen jotzeko, baina azkenean kontzertua bertan behera gelditu zen musikari afrikarraren osasun arazoak tarteko. Orain, Elorrion ikusteko aukera izango da.

*** Ondoren, Julen Azpitartek Entzun! musika aldizkarian argitaratu zuen ethio-jazzari buruzko artikulua irakur daiteke.

Jim Jarmusch zinemagilearen Broken Flowers (2005) filmean Don Johnston (Bill Murray) protagonista nagusiari bere auzokidea den Winstonek (Jeffrey Wright) honela esaten dio: “Etiopiako musika, bidaietarako musika”, eta beste pasarte batean gaineratzen du: “Etiopiako erritmoak, onak bihotzarentzat”.

Zuzendari estatubatuarrari Mulatu Astatke jazz musikari etiopiarraren musika entzun ondoren bururatu zitzaion film hori egitea. Ez da harritzekoa, izan ere, Afrikako herrialde horretan 60ko hamarkadako amaieratik 70eko hamarkadako erdi aldera bitartean sortu ziren doinu hipnotikoek entzulea harrapatzeko ahalmen ikaragarria daukate.

Doinu horietan ez da Afrikako beste herrialde batzuetako musiken zantzurik nabaritzen. Bai ordea, Europako eta AEBetako musiken eragina. Batez ere, metalen moldaketetan eta kantuen egituran, nahiz eta lerro melodikoak argi eta garbi Etiopiakoak izan. Hala, ore musikal horretan jazz, funk, soul, latin edo swing eraginak tokiko musikarekin uztartu ziren, herri musikak eman duen doinu iradokitzaileenetarikoak sortzeko.

Etiopiako hiri musika modernoaren inguruan azken urteetan sortutako interesaren nondik norakoak jakiteko ezinbestekoa da bi gizonen ibilbidea jorratzea: lehenengoa, gorago aipaturiko Mulatu Astatke estiloaren asmatzailearena alegia; eta bigarrena, Francis Falceto musikografo frantziarrarena.

Mulatu Astatke

Mulatu Astatke 1943 urtean jaio zen Jimma izeneko Etiopiako mendebaldeko hirian. Ethio-jazzaren aita gisa ezaguna, 50eko hamarkadako amaieran Londresera bidaiatu zuen musika ikasteko eta beranduago Boston eta New Yorkera. Mendebaldeko hiri handi horietan jazzaren eta erritmo latinoen eragina jaso zuen. 1968 urtean bere herrialdera itzuli zen eta 1974 urtera bitartean ospe handiko musikaria bilakatu zen. Urte horretan, Megistuk bere diktadura estalinista hasi zuen, Haile Selassie Etiopiako azken enperadorea derrokatu ostean. Enperadorearen azken urteetan Addis Abeban gaueko bizitza puri-purian zegoen. Hiriburua Afrikako Batasunaren Erakundearen egoitza zen eta diplomatiko eta funtzionarioak bikain igarotzen zituzten gauak festarik festa. Hala, orkestra ofizialek –polizia, armada, guardia inperiala…– tokia utzi zieten gitarra elektrikoak, saxoak, bateriak eta organoak jotzen zituzten banda txikiei. Aldaketa horretan, zeresan handia izan zuen Astatkek, bera izan baitzen Mendabeldeko tresnen inportatzaile nagusia. Beti ere, bere herrialdeko musika kutsatzeko asmoz. Pianoa, organoa, bibrafonoa eta perkusioa jotzen zituen eta tresna horiek jotzeari esker, jazz, funk eta swing estiloen arteko fusio ikaragarria lortu zuen. Sasoi horretako doinu asko Ethiopiques, Vol 4: Ethio Jazz & Musique Instrumentale, 1969-1974 diskoan biltzen dira (Broken
Flowers
filmeko doinuak ere bilduma horretan daude). Piezak bidaia astralak dira: baxuak eragindako funk lerroak, wah-wah efektua duten gitarrekin nahasten dira; perkusioek kutsu latinoa gehitzen dute eta saxoak swing estilora hurbiltzen dira. Askotariko fusio musikal horrek ez du une batez ere Afrikako giroa galtzen, gehienbat melodiei dagokienez. 

Aipatu diskoaz gain, nabarmentzekoak dira musikari afrikarrak AEBetako Worthy zigiluarekin grabatu zituen bi disko: Afro-Latin Soul (1966) eta Mulatu of Ethiopia (1972) –biak ala biak berrargitaratuak binilozko formatuan eta eskuragarriak–. Lehenengoak latin eta soul kutsu handia dauka eta azalean bildutako oharretan, Gil Snapper diskoetxeko presidenteak Astatkeren birtuosismoa nabarmentzen du: “Grabazio sesioetan, Mulatuk vibrafonotik pianora eta handik bateriara salto egiten du maisuki”.

Egun, Mulatu AEBetan bizi da eta Massachusetts hiriko Either Orchestrarekin kolaboratzen du. Berriki, bi diskoko bilduma prestatu du Ethiopian Airlines konpainiarentzat: lehenengoan, bere herrialdeko hainbat doinu biltzen ditu; bigarrenak, berriz, estudioan grabaturiko originalak jasotzen ditu.

Francis Falceto

80ko hamarkadan Francis Falceto Frantziako Poitiers hirian bizi zen eta Sonic Youth, Residents edo Glenn Branca bezalako avant-garde talde eta artisten kontzertuak antolatzen zituen. Festa batean zegoela, lagun batek Afrikatik ekarritako Mahmoud Ahmed abeslari etiopiarraren disko bat entzun zuen. Hilabete batzuk beranduago Afrikako herrialde horretan lurreratu zen. Bere esanetan, Etiopiako hiri musika modernoaren garai onenean milatik gora kantu grabatu ziren. Hala ere, oso zaila egin zitzaion grabazio horiek aurkitzea. 1997 urtean, baina, Washington-era joan zen Amha Eshèté, Amha Records zigiluko arduradun erbesteratuarekin elkarrizketatzera. Hitzarmena sinatu, eta Falceto grabazioekin beteriko 25 kiloko maletarekin itzuli zen Frantziara. Ekipaia horretan bildu zuen Ethiopiques 23 aleko bilduma sailaren muina. Sail horri esker, Afrikako herrialde horretako hainbat musikarirekin maitemindu gara eta gurekin batera Elvis Costello, John Zorn, The Ex edo Brian Eno musikari garaikideak. Etiopiako izarren zerrenda luzea da oso, besteak beste, Alèmayehu Eshèté, James Brown edo Elvis abisiniarra; Girma Bèyènè piano jolea edo Mulatu Astatke bera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button