IKUS-ENTZUN

Bidaietako lilura Bilboko “Bidaiarien Txokoa” programan

Bilboko Udalak Bidaiarien Txokoa programa antolatu du otsailaren 15etik 26ra, Begoñako Udaltegian eta Santutxun, eta betiko legez, bidaiak eta bidaiariak izango dira protagonistak.
Begoñako Udaltegian hainbat saiotan Islandia, Kolonbia edota Kanchatka bisitatu ahalko dituzue horra bidaia egin dutenen eskutik. Horretaz gain, 18an eta 25ean Bilboko Mendi Film Festibalaren film eder batzuk ikusteko aukera egongo da Santutxun. Erakusketa batek eta musika kontzertu batek osatuko dute programazioa.

Atzo abiatu zen ekimena, Arturo Martinezek egindako hitzaldi eta ikus-entzunezkoarekin: Islandia, tierra de aventura. Tras los pasos de los balleneros vascos. 1615ean, Islandiako ipar-mendebaldeko fiordoetan 32 euskal balea-arrantzale hil ziren. Zertan ari ziren han? Zer gertatu zen? Galdera horiek izan ziren proiektu honen hazia. Euskal kostaldea eta Islandiakoa kurritu zuten bizikletan hainbat lagunek, abentura historiko-kulturala biziz.

Gaur, Kolonbiaraino joango dira ikusleak Unai Madariaga bidaiariaren eskutik. Kolonbiako Sierra Nevada mendikatea ezaguna da bertan bizi diren tribu eta familia indigenen bizilekua izateagatik. Bertako parajeak izugarriak dira; ur-jauziak, bide estuez betetako oihan are estuagoak, zuhaitz eta landare hostotsuak, kakao zelaiak, animalia basatiak… Bertan ikusten da hango indigenek beraien bizileku den naturarekin duten harremana. Naturarekiko errespetu eta maitasun hori ezagutu nahian, bertara bideratu eta Minca-ra heldu zen protagonista. Hantxe, hainbat pertsonarekin hitz egin eta gero, Kolonbiako hiriburu ekologikora heldu zela jabetu zen.
Kasu honetan bidaiaren bideo proposamena abentura eta paraje izugarrien eta hango kontzientzia ekologiko eta naturalaren batura bat da. Alde batetik, ohian izugarri horren irudiak erakutsiz, eta bestetik, gaur egun pil-pilean dagoen gure planetaren arazoaren kontzientzia-mezua ikusleei bidaliz. Emanaldi hau euskaraz izango da.

Datorren asteko emanaldi eta programazioa osatzen duten beste ekitaldien gaineko informazio guztia Bidaiarien Txokoa programan kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button