ARTEA

Erakusketa ibiltariak Bilbon

Bilboko Udaltegiek Expodistrito programako bost erakusketa ibiltari berri jasoko dituzte hil honetan.
Expodistritok, Bilboko Barrutietako Udaltegietan antolatzen den aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhilekoko egitaraua inauguratuta dago honezkero.

Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsako (Zazpi Kaleak) udaltegietara hurbiltzen diren zaleek, bost erakusketa ibiltariz gozatzeko aukera izango dute ekainaren amaierara arte: lau pintura eta marrazketa erakusketa eta argazki erakusketa bat.
Pintura izango da hiru erakusketaren gaia, Javier Etxebarriaren eta Modesto Velazquezen lanekin eta Bizkaiko Arte Elkartearen lanen aukeraketarekin.

Programaren barruan, Cecilio Agirre marrazkilariaren erakusketa eta Leo Simoesen argazkiak sartzen dira. Leo Simoes Abentura bestearekin izeneko bilduma pertsonalaren eskutik etorriko da. Leo Simoesek (Iurreta, 1968) zenbait erakusketa egin ditu banaka eta taldean. Gaur egun zenbait argazki proiektu ari da garatzen eta, horrez gain, zenbait tailer ematen, zuzentzen eta koordinatzen ditu.

Expodistrito Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak leku batetik bestera joango dira, eta erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button