EZLEKUBAT

Magnetico Grupo Robot: “Gure misioa misterioa da”

Bermeon finkatutako  Magnético Grupo Robot proiektuan, El Desvan Del Macho, Munsterland, Los Frenos eta Los Brebes bandetan aritutako musikariekin harreman zuzena duten inteligentzia artifizialdun izakiak aritzen dira, eta Nomeansno, Dead Kennedys eta DEVOren iturrietatik edaten duten kantu motzak eta zorrotzak egiten dituzte. Iaz, haiek ekoitzitako binilozko EP bikaina argitaratu zuten. Hala, hiru taldekide robotikoekin jarri gara harremanetan, elkar komunikatzeko asmoz, baina beste planeta batetik datozela aintzat hartuta, asmora baino ez gara iritsi. Halere, aho bete hortz utzi gaituzte, robotok Grezia klasikoaz duten ezagupena dela-eta. Harritzekoa!

Taldearen izena gaztelaniaz bada ere, euskaraz abesten duzue, bermeotarrez gehienbat.  Japoniako robot industriak euskaraz programatu al zaituzte? Eleanitzak al zarete?

Bai, gure sudurren tamainak adierazten dutenez, heleniarren ondorengoak gara. Eguzkipean hasitakoak gara, eta Atenea Palas-ek hainbat hizkuntza desberdinak ikasteko gogoa piztu zuen gugan. Guretzat euskaraz abestea erraza da, gure konputagailuak Bianchi eta Ibarrondo-ko langileek fabrikatutako piezekin eginda baitaude.

Agian, ez zarete Japoniako industriaren emaitza, agian, beste planeta batetik zatozte. Horrela izatekotan, nolakoa da zuen planeta hori? Zein musika entzuten zenuten planeta horretan?

Gure planeta urez beteta zegoen, ur gazia, eta gatzaren zaporea kentzeko aloe beraz elikatzen ginen. Entzuten genuen musikaren harira, Antikythera-ko mekanismoa martxan jartzen genuenean sortutako zarata zen gustukoen genuen musika. Baina Greziatik Bermeoranzko bidaian galdu egin genuen, eta orain antsietatea daukagu. Jose Enrique Sarabiaren aholkuei jarraituz, doinu basatiak jorratzen ditugu, gure makinaren belarrietara gure tristuraren oihartzuna heldu dadin.<

Kantu laburrak egiten duzue, laburregiak, agian. Zuen bateriek ez dute gehiagorako ematen?

Bada, egia esan, ez dugu denbora larregi kantuak egiteko, gure aloe-uzta zaindu behar baitugu. Eta, gainera, hemen neguak oso luzeak direnez, ezin ditugu gure bateriak guztiz kargatu; beraz, kantu laburrak egitea izan da irtenbide bakarra. Atlantidako eguzkiaren falta antzematen dugu.

Egia esan, horrenbeste erritmo aldaketa eta mozketa kantu berean sartuta, normala iruditzen zait bateria di-da amaitzea. Zuena kantu motzak eta konplexuak dira. Ados al zaudete?

Ados gaude, gure abestiak laburrak dira. Baina Tarentoko Aristogenes-ek bere txirularekin sendatu gintuenetik, normaltzat hartzen ditugu erritmo aldaketa ugariak. Eta berak bezala, ez dugu musika pitagorikoa gustuko.

Laburtasunaren aldeko hautua egin duten bestelako izaki musikalik ezagutzen al dituzue?

Gure lagun beleak esan digunez, izurdeak eta baleak abesti laburrak egiteko hautua egin dute. Zozoak eta txantxangorriak ere abesti laburren zaleak ziren, baina aspaldi ez ditugula euren kantuak entzuten. Gure herrian, arbolen enborrak zubien zutabeen ordez aldatu dituzte, eta orain, autoen motorren abesti amaiezinak bakarrik entzuten dira.

Robotak izan arren, gizakion inguruan gertatzen diren kontuekin kontzientziatuak zaudete: zaborren arazoa, krisi ekonomikoa… Gizateria salbatzera etorri al zarete, musikaren bidez? Zein da zuen misioa?

Gure misioa misterioa da, ez du harean aztarnarik uzten, eta ez du gizateriaren salbapenean zeregin aktiboa izango. Hori espiritu santuaren lana da.

Haurrentzako kontzertuetan jotzen hasi zarete. Zer nahiago duzue, helduekin betetako gau giroko lokalak edo eguerdi parteko umeentzako kontzertuak, eskulan tailerrekin eta guzti?

Zoritxarrez, gauez jotzen ditugu gure kontzertu gehienak, eta gure baterien eta eguzkiaren artean dagoen harreman estuaren ondorioz, asko nekatzen gara. Baina duela aste batzuk, egunez jotzeko aukera eman ziguten Plentzian, eta oso ondo pasatu genuen. Horretaz gainera, kontzertuaren ostean, itsasertzetik oinutsik ibiltzeak oso oroitzapen onak ekarri zizkigun.

Amaitzeko, nolakoa izango da etorkizuna? Roboten mende biziko al gara?

Mendebaldea oso leku polita da, gustura gaude hemen, baina gure ekialdeko robot-lagunak faltan botatzen ditugu: Deméter, Artemisa, Hedfesto, Hera, eta nola ez, Hades. Hadesek menderatuko du mundua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button