EZLEKUBAT

Kronika baltza Elizondotik

Ilbeltzaren 24an Elizondoko Arizkunean, Jon Alonsok eta Itxaro Bordak nobela baltzaz berba egin euskuen han gengozan guztioi. Biak nobela baltzaren egile diran aldetik idazle ikuspuntutik zuzendu jakuzan. Aurkezpena eta gero, Jon Alonson iritziz detektibe pribatuak eta inbestigazino ofizialaz arduratzen direnen arteko tirabirek definitzen dabe nobela baltza. Ikerketa ofizialaren gainetik, benetan gertatutakoaz arduratzen danak zehazten dau narrazio baltza. Behin generoa definituta, detektibearen portaera bera da berari interesatzen jakona, ideologikoki zelakoa dan, ze ezkutukoa azalaratzeko prosezuan, ikertzaileak errealitatearen argazkia eskeintzean, boterearen portaera azalean geratzen da, eleberri baltzaren ikuspuntu ideologikoa erakutsiz.

Erreferentzi moduan ameriketako nobela klasikoko bi idazle hartu ebazan kontutan: Raymod Chandler eta Dashiell Hammet. Biak nobela baltzaren konzeptu horren eredu izanik be Dashiell Hammeten kasuan gainera, McCarthy senadoreari aurre eginda ez ebalako inor salatu, bere idazlanak merkatutik kanpo utzi, eukan irrati programea debekatu, eta baliabide ekonomikorik barik laga eben miseria gorrian. Beraz, erreferentzia izandako zenbait idazleen beharra fikzioan zein errealitatean gizarte konpromezoarekin lotua egoan. Aldi berean bere berbetan, Carballoren sortzailea izan zan Vázquez Montalbánek be nobela baltza gizarte gaztakekin lotu eban, eta nobela poliziakoa, barriz, ezelako denuntziarik egin barik gaizkileen kontrako ikerketa ofizialaz arduratutakoa. Berarentzat nobela baltzak errealitatea aztertu eta bizi dogun egoeraren gogoeta bultzatu dau, eta horren adibide argia da Frantzian Charlie Hebdo aldizkarian izandako atentu integrista Jean Claude Izzo idazleak bere Marsillako trilogian duela hamasei urte aurreikusi izana.

Abiapuntu hori berea eginda, gaur egun generoa aldatzen doa bere ustez, detektibe pribatuaren pertsonaiarik barik gertatutako sarraskiaz komisarioa arduratzen da, eta besteak beste, Wallander eta Montalbano abiaburu izan ebazan, gaur egungo Eskandinabiako eta Greziako nobela baltzaren ordezkaririk ezagunetarikoak. Detektibearen hutsuneaz, ofizialtasuna ezarritako estatu egituraren onarpena izanik, sinesgarritasuna benetako ete dan preguntauta, berak ezetz erantzungo leukeala aitortu euskun: komisario sueko batek komisaldegian detenitutako gaizkileari kafesenerik nahi dauan preguntautea normala izan litekeala, baina Greziar komisaldegi bateko komisarioak ziurrenik halakorik ez leukeala egingo. Kanbio honen eredu lez be Donna Leon  jarri eban, euskaraz pasarte bat leiduz, bertan poliziak erizain bi mehatxatu ebazan euren ordutegiz kanpo behar egitera obligatuz, bere berbetan errealitatearekiko konpromezu ezaren adierazle nabarmena. Beraz. Jon Alonsok onartu dauz generoaren aldaketak azken boladan, berak oso gustokoak ez badauz be.

Ondoren Itxaro Bordaren txanda ailegatu zan. Idazle lapurtarrak nobela baltz andana eskribidu dau, Amaia Ezpeldoi detektibe protagonista dala. Bere berbetan nobela baltzaren oinarrizko egitura Ediporen istorian oinarritzan da: Edipo bidean joiala ezezagun bategaz auskan egitera behartuta bere aita hil egin eban, eta behin boterera ailegatuta amagaz ezkondu; Edipo patuaren txontxongilo izanik behin errealitatea ikusita, begiak atera ebazan. Nobela baltza beretzat horixe da, somatu barik bideratzen gaituen indarrekin karenka topautea, errealitatea bere osotasunean, berezko dauan krudeltasunagaz, ulertzea. Beraz, Alonsok bertsio ofizial eta egiaren arteko gatazkaren emaitza lez ikusten baeban nobela baltza, Itxaro Bordak  bideratzen gaituen indar eta arrazoi  desberdinen artean, gizakiok berezko dogun krudelkeriaren ikerketa lez definituko leuke.

Itxaro Borda  ez zen abiatu, amerikar  erreferentzi  klasikoetatik, berak egile lez hiru gurutzebide dauzka: ingurua, emekia eta ikerketa. Hiru kontzeptu hauek gauzatzeko berak egile desberdinen beharrak izan dauz oinarri, aipagarrien artean:  Sue Grafon, generoaren nondik norakoak zehazteko emakumearen ikuspuntutik, edo Hillerman,  Estatu Batuetako indioen erreserba erreferentzi dauan autorea, ze Itxaro Bordarentzat novela baltzak herri jakin baten barri emoten deusku. Frantses eleberrigile baltzen artean gustoko dau Bernard Minier, Tarbesen gertaturiko  Elur azpian nobela gomendatu  euskularik.  Zenbait autore periferiko be aipatu ebazan, besteak beste, eskandinabiarrak: Mankellen Wallander inspektorea protagonista daben aleak, edo Stieg Larssonen Milleniun trilogía. Honetan Lisbeth Salander protagonista guztiz gogoko dau,  ze ikerketaren barruan orain arteko ikertzailearen esterotipoa hautsiz, hackerra, antisoziala eta  lesbiana dan emakume hau erreferentzia bihurtu da, familia bortizkeria eta  bortxaketak sofridu badauz be. Baita Europako eta Ameriketako tradiziotik urruntzen dan nobela baltza be  erreferentziatzat jo eban: Yasmina Khadraren eleberriak, esaterako. Bertan  Argeliako ezkutuko gerra zibila bere gordintasunean jaso ahal da, edo iparraldeko muturrera joanda Islandian, erdi idazle erdi irakurle dan populazio honetako Indridasonen beharra goraipatu eban. Azken batean Itxaro Bordaren esanetan,  Euskal Herria be irla bat  da Aturri, Ebro eta Kantauri artekoa, hizkunta minorizatuen orbitan finkatzen dana. Beraz, Itxaro Bordak eskribidutako eleberriek herri jakin batean kokatuak izanik,  Euskal Herriko errealitatea  dabe  erreferentzia, bera  emakume dan aldetik Amaia Ezpeldoi inspektorea protagonista printzipala, bere lesbianismoa naturaltasunez biziz, eta ikerketa generoak eskatzen dauzan derrigorrezko arauak  oinarri. Azken  ezaugarri honetaz Almodovarren La flor de mi secreto-ko protagonista aipatu eban, ze emakumeek generoa bere egiteak, arrosatik beltzera doan ibilbideak  aukera  barriak  eskaintzen  dauz. Gainera, Amaia Ezpeldoi protagonista izango dauan nobela  barri bat be eskribiduten hasi da, oraingoan  tramak bertako zabortegien gaiarekin lotura izango dauala.

Bi idazle handi hauen txanda amaituta, han gengozanok be parte hartzeko aukera izan genduan esandakoaz hausnarketa txiki bat egiteko. Eta besteak beste aipatuko neuke nobela baltza Euskal Herrian bizi dogun momentuaz gogoeta egiteko erabili izana, euskal gizarteak su etenagaz bizi dauan une barria elebarri baltzean be isladatuko danaren ustea. Ze Itxaro Bordaren iritziz momentu barri honek indarrak egunerokotasunean finkatzea ekarriko dau, eta bere esanetan Podemos izan leike horren adibide; hiritarren gehiengoaren errealitate sozio-ekonomikoari jagokon elebarri baltza nagusitu ei leike. Baina han bilduta gengozanen artean danak ez zegozan iritzi horregaz konforme, horregatik gutariko batek galdetu eutsan Itxarori ea euskal gatazkak hainbesteko energía zurrupatu badau, zergatik hain literatur obra gitxi dagoan euskal gatazkari lotuak. Itxaroren ustez elaberriak egon badagoz, eta gainera Twist-en kasuan lez arazoaren larritasunak bere distantzia be eskatzen dau, belaunaldi barriek bestelako irakurketa bat egingo dabelarik. Alonsoren ustez, barriz, generoaren aldaketaren arrazoia euskal literatura beraren bilakaeraren ondorioa da, ze Leturiaren egunkari ezkutua gutxi batzuk irakurri ahal baeben, eta duela hogeitahamar urte euskal nobela baltza eskribidutea posible zan ala ez eztabaidatzen bazan,  gaur egun irakurlego kopurua dexente hazi danez, elebarri baltza posiblea izateaz gain aurrerantzean gizarte beraren aldaketak be jasoko dauz.

Beraz, euskal eleberri baltzaren bi maisu handi hauek euren obrez eta daben ikuspuntuaz berbetan entzutean, gure jakinmina nobela baltzaren nondik norakoez, zein euskal literaturaren garapenaz asetu, generoaren inguruko gogoeta eragin eta irakurzaletasuna piztu euskuezan. Neuk behintzat aipatutako hainbat egileen izen eta eleberriak apuntatu nebazan.

Esker mile aunitz antolatzaileei eta ia hurrengoan be halakoez disfrutateko aukerarik dogun!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button