IKUS-ENTZUN

Itzal-eremuak, eguzkiak eta eklipse-zinemak

Elías Querejeta Zine Eskolak eta Photomuseum aretoak Zona umbra (Itzal-eremua) aurkeztuko dute abenduaren 22an, Zarautzeko Photomuseumen. Inés Vázquezek komisariaturik, eklipsearen fenomeno astronomikoa ardatz hartuta, zinemaren eta haren generoaren historia erakutsiko dira ekimenean.

Zona umbra. Soles estáticos, cines de eclipses y activación de linternas mágicas (Itzal-eremua. Eguzki estatikoak, eklipse-zinemak eta linterna magikoen aktibazioa) gogoeta kritikoa sustatzen duen kuradoretza-proiektu artistiko bat da.
“Lanak itzalari erreparatzen dio, zinemaren lehengai den aldetik, eta eklipsea du euskarri, gertakari zinematografiko minimoaren metafora gisa. Egunak luzatzen eta gauak laburtzen hasten diren neguko solstizioarekin bat, programak ilunantza arakatzea proposatuko digu, hura zinemagintza-elementu gisa ulertuta, beste itzal batzuen inguruan (eklipseenak) orbitatzen duten hainbat lanen bitartez.”

Jarduera hasteko, Eclipse lunar (Ilargi-eklipsea) eta Eclipse solar (Eguzki-eklipsea) proiektatuko dira, duela 160 urte baino gehiago astronomiako ikuskizun publikoetan erabiltzen ziren linterna magikorako bi lan. Bi proiekzioen ostean Ce Pams artista txiletarraren Batimento soinu-ariketa izango da.
Eta jardunaldia amaitzeko bi film labur proiektatuko dira jatorrizko formatuan. Lehenengoa Eclipse (Jeanne Liotta, 2005) izango da. AEBko zinemagileak kodachrome pelikulan filmaturiko ilargi-eklipse baten bitartez, erakutsiko digu zeinen zaila izan daitekeen izar-fenomeno bat errebelatzea. Geroago, Luis Mari Ulibarriren Viaje al centro del eclipse proiektatuko da. Lan horretan 1984an Gasteiz ilundu zuen eguzki-eklipsea ikusiko da. Zuzendariak berak parte hartuko du aurkezpenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button