EZLEKUBAT

Asier Serrano: “Gizakiaz asko diostan kontzeptua da gorria”

Asier Serrano idazle eibartarrak Hiri gorritik bere poemategi berria aurkeztu du duela gutxi. Hiria dute ardatz plazaratu dituen poema hauek, izan ere, hiria da Asierren eremu naturala. Atzean utzi ditu gazte garaiak, baita inprobisazioa ere; bere lanak programatu eta kalkulatu egiten ditu orain, helburua garbien bila. Beste proiketu batzuen hasietan murgilduta dagoen arren, atera berri duen liburuaren gaineko itaun batzuk botatzera animatu gara eta berak, ederki erantzun ditu.

Nola gogoratzen duzu literaturarekin izan zenuen lehen kontaktua. Non sortu zen txinpart hura? Noiz?
Haurtzaro eta nerabezaroan gutxi irakurri izanaren damua askotan aitortu dut. Komikietatik edo musikatik heldu zitzaidan gehiago sorkuntzarako gogo hori. Halere, oroitzen dut lehen poema idaztearen beharra institutuko lehen mailan igarri nuela: gurasoekin haserretu eta nire logelako pareten kontra ukabilkadaka gorputza nekatu ostean, paper zurian lasaitu nuen nire amorrua. Hor ikasi nuen norberaren errebeldia hori askatzeko bide ezberdinak daudela. 

Musikatik literaturara eman zenuen saltoa edota alderantzizko erasoa izan zen?

Eibarko lantegi hustu eta herdoilduetan aritzen ginen koadrilakoak gitarra zaharrekin zarata sortzen, baina nerabezaroko amets hutsak  
baino ez ziren. Niri oso azkar iritsi zitzaidan dena, oso prozesu azkar baina naturalean: Lehen poemak, Lubaki bandaren sorrera, errezitaldiak, musika taldeen letragile, lehen argitalpenak, Lorelei, bakarkako diskoak…  

Hasierako garai haietako idazleak eta musikari nahienak zeintzuk ziren? Nork liluratzen zintuen?
Egia esan, behin irakurzaletasuna neureganatu nuenean, aholkatzen zidaten guztia irakurtzen nuen. Ez naiz autore bakar batzuen miresle izan inoiz, ez nintzen batere mokofina, eta ia liburu eta disko gehienei aitortzen nien zerbait baikorra. Hala ere, uste dut nire garaiko gazte guztiok izan ditugula erreferentzia sentimental berdinak: Silvio, Laboa, Itoiz, Ruper, Hertzainak, Sarri, Atxaga… ez naiz errepikatuko.

Esan daiteke poesiak egin duela Asier Serrano idazle, edota musikarekin duzun adierazteko bidea izan da erruduna?
Uste dut hitzaren musikaltasunak egin nauela sortzaile.

Bada hiri gorri bat aspaldiko lana da, eta orain lan horri keinua egin diozu azken obrarekin.
Esan daiteke anaia txikia jaio zaiola lehen lan horri. Duela hiru urte Kaleratu zen Picassoren zaldia baina hamar urte atzera idatzitako lana zen hura, Bada hiri gorri bat-en segidan idatzita justu. Beraz, baziren urte mordoxka bat poesiarekin harremana hozten joan zitzaidala. Berriro itzuli nahi nuen arnas motz baina sakoneko generora, eta hiri gorriak eman zidan horretarako abagunea.

Zer duzu gorritasunarekin. Zer erakartzen zaitu gorri koloretik? Zer da gorria?
Gizakiaz asko diostan kontzeptua da gorria: Gizaki eta hortaz hilkorrak garela gogorarazten digun odolaren gorria; nahia, pasioaren eta desiraren
ezpainen gorria; maitasuna eta gorrotoaren tenperatura neurtzen digun bihotz ubelaren gorria; nahita nahiez komunitate baten partaide garela oroitarazten digun euskal teilatuen gorria…

Narrazioarekin ere harremana gordetzen duzu. Droga ezberdinak dira poesia eta narrazioa?
Neke, sakrifizio, diziplina, sufrikario, emozio eta satisfazio ezberdinak ematen ditu bakoitzak. Nire kasuan erraza da esplikatzen: Erlojugilea nobela idatzi ostean ez neukan indarrik arnas luzeko beste proiektu batean sartzeko. Maratoi gogor bat bukatu eta gihar-minak kentzeko korrikaldi motzak egin behar dira egunero. 

Hauxe esan duzu duela gutxi: Irakurle bakoitzak bere bihotzetik ikusi beharreko liburua da Hiri gorritik.
Hizkuntzari dagokionez liburu ulerterraza egitea zen nire asmoa. Ideia eta
sentimendu unibertsalak darabilzkit liburuan, egunerokoan kasu gehiegi egiten ez diegun ideia eta sentimendu horiek. Nire lurralde edo paisaia literarioan sartu ditut ideia horiek, irakurlearen lana da eskaintzen diodan arnas deseroso hori bere egitea.

Lana sozializatzeko ikusgarririk egingo duzu edo nahiago duzu liburuak berak bere bidea egitea?
Liburuak bere bidea egingo du. Ez daukat ikusgarririk egiteko asmorik printzipioz, baliteke zerbait puntuala egitea, baina beste asmo batzuk ditut
gaur egun. Ezin dut ezer aurreratu baina banabil proiektu pare batean lanean: literarioa bata, musikarekin lotutako bestea… beste bi urrats natural. Jarraitzen nauenak jakingo du kalkulu matematiko bat erabiliz zertan nabilen, kar, kar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button